III. Mahasti Krosean parte hartzeko izen ematea zabaldu dute

Zarauzko Hitza 2020ko urtarrilaren 31

Nerea Amilibia zarauztarra, II. Mahasti kroseko lehen saria jasotzen

Martxoaren 8an izango da lasterketa, eta 7,2 kilometroko luzera izango du ibilbideak. Talai Berri txakolindegiak hirugarren urtez antolatu du ekimena, eta korrikalariek hamabi euroren truke eman dezakete izena.

Zabalik dago dagoeneko datorren martxoaren 8an korrituko den III. Mahasti Krosean parte hartzeko izen ematea. Lasterketa Talai Berri txakolindegian hasiko da, goizeko 10:30etan, eta korrikalariek 7,2 kilometroko distantzia korrituko dute mahastietan barrena. Aldez aurretik izena herrikrosa.eus atarian ematen dutenek 12 euroren truke egingo dute, eta egunean bertan 15 eurotara igoko da izen ematearen prezioa.

Dortsalak jasotzeko aukera egongo da Martxoaren 7an 17:00etatik 19:00etara bitartean, eta egun berean, lasterketa hasi baino ordubete lehenago, leku berean.

Korrikalariak proba aurreko agunetan bere izena parte hartzaileen artean dagoela ziurtatu beharko du, eta ordainketa egin izana ageri dela baieztatu. Hala izan ezean, ordainketaren agiria aurkeztu beharko du lasterketaren egunean, edo egun horretako prezioa ordaindu.

Partaideek, aldagela eta dutxa zerbitzua izango dute.

Ibilbidea Talai Berri txakolindegian hasiko da, korrikalariek Mollarriko kargaderora jaitsi, handik mahastira igo, eta bertako lur-sailetan zehar igaro ondoren Talai Berri txakolindegian amaituko dute lasterketa. Sari banaketari dagokionez, 12:00etan izango da, eta emakume nahiz gizonezkoen kategorietan egongo dira hiru sariak:

  • Lehenengo saria: Txapela, Manu Urbietaren eskultura, eta irabazlearen pisu adina Talai Berri txakolin botila.
  • Bigarren saria: Manu Urbietaren kuadro bat eta sei botilako Talai Berri txakolin  kaxa.
  • Hirugarren saria: Manu Urbietaren kuadro bat eta 3 botilako Talai Berri txakolin kaxa.

Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaie.

Informazio gehiagorako edo izena emateko hemen.

Nerea Amilibia zarauztarrak irabazi zuen iazko Mahasti Krosa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide