Igande goiza nagiak ateratzen ari da. Lainoak ekarri ditu, baina eguzkiaren lehen printzak esnatzean, zerua urdindu egingo da. Aian (Gipuzkoa) du egoitza Zarauzko Arraun Elkarteak, eta bertan dira Enbata traineruko arraunlariak. Gainean dira 09:00, eta zintzo asko ari dira betetzen ordutegia. Kontu kontari dabiltza multzo txikitan.
Bertan da Jon Artola presidentea ere, eta hark hartu du hitza arraunlariak biribil handi bat osatu bezain pronto. "Egun on!" hasi da. "Dakizuen bezala, atzo [larunbata] egin genuen TKEko [Traineruen Kluben Elkartea] batzarra Oiartzunen, eta ofizialki atzotik gara Eusko Label ligako kluba".
Hitza hartzen hurrengoa Gari Uranga izan da, entrenatzailea eta arraunlaria. "Egun on!", hark ere. Entrenamenduaren berri eman die, zer lan egingo duten. Arbela du atzean, eta jarriak dauzka bi traineruetan zein arraunlari joango diren. Bi izango baititu uretan Zarautzek udan: talde nagusia goiko ligan, eta bestea KAE 2an, bideratuta dagoen asmoa asko okertzen ez bada. Arbelean, arraunlarien izenekin nahasian, zenbakiak idazten hasi da Uranga: 20 zenbakia lau aldiz idatzi du, elkarren segidan; eta azpian, 4a bost bider; eta 4 bakoitzaren behealdean ondorengoak: 20, 22, 24, 26 eta 22. Azalpena eman die berehala arraunlariei: "Luzea izango da gaurko entrenamendua. 20 minutuko lau txanda egingo ditugu: aurrenekoa, berotzeko izango da, baina erritmoa aldatuz joango gara; bigarrena eta hirugarrengoa, lau minutuko erritmo aldaketetara gorputza eta burua ohitzeko izango dira; eta azkenekoa, gorputza bere onera itzultzeko izango da, baina kontuz, ez lo hartu hor. Hori da entrenamenduko une garrantzitsuena, nekatuta gaudenean lan tekniko ona egin behar dugulako. Azken batean, udan biziko ditugun egoerak dira".
Nondik nora joango diren ere kontatu die; gehienbat Aitzol Garro patroiari begira: "Itsasora aterata, Getariara joango gara, Zarauzko moilan edo portuan gelditu eta gero. Moila edo portua, nahi duzuen bezala deitu". Zarauztarren ezbaia: moila edo portua izena eman errepide bazterreko leku horri. Barrez erantzun diote arraunlariek entrenatzaileari.