Labanaz pertsona bat zauritzeagatik gizonezko bat atxilotu du asteburuan Ertzaintzak

Zarauzko Hitza 2020ko urtarrilaren 27a

Larunbat gauean gertatu zen ustezko erasoa, eta epaileak kartzelara bidali du. Antza, eztabaida bat eduki zuten biktimak eta erasotzaileak, eta honek labanarekin lepoan zauriak eragin zizkion.

Ertzaintzak zabaldutako oharraren arabera, larunbatean 05:00ak aldera jaso zuten poliziek herritar baten deia, jakinaraziz Munoan gizonezko bat labanaz zauritu zutela lepoan, eta odol dezente galtzen ari zela.

Zauritua Donostiako Ospitalera eraman zuten anbulantzian, eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten ertzainek; 31 urteko gizonezkoa da. Bizkaia kalean aurkitu zuten hori. Ertzainak bertaratu zirenerako, udaltzainekin zegoen gizona.

Arma zuriekin min ematea egotzita utzi zuten Azpeitiko Guardiako Epaitegiaren esku, eta oharrak dioenez, Martuteneko kartzelara bidali du epaileak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide