Ostegunean kaleak hartzeko deia egin du Greba Batzordeak

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 25a, 15:05

Herriko hainbat eragile zein norbanako elkartu dira gaur Lege Zaharren enparantzan, urtarrilaren 30eko greba deialdiarekin bat egiteko. Egun horretarako Greba Batzordeak prestatutako egitaraua ere aurkeztu dute. 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorrarekin bat egin dute Zarauzko hainbat herri mugimenduk zein norbanakok. Pentsiodunek nabarmendu dute bi urte igaro direla dagoeneko pentsio duinen aldeko borroka hasi zutenetik, eta 1.080 euroko gutxieneko soldata lortu arte borrokan jarraitzeko asmoa dutela garbi utzi dute. 

Horrez gain, agerraldian azaldu dute "hamaika arrazoi" daudela greban parte hartzeko. Pentsiodunek nabarmendutakoez gain Greba Batzordeko kideek aipatu dituzte "zarauzko turistifikazioak eragiten dituen arazoak; bizitzak erdigunean kokatzearen premia, beti ere, beste emakume* batzuen bizitzen kargu izan gabe", eta beste hainbat motibo.

Zarautzen herritar ugari bildu da azken asteetan Greba Batzordeak deitutako bileretan, eta gaur eskerrak eman dizkiete grebaren alde lan egin duten guztiei. "Elkarlanean dihardugu, eta 30ean ere elkarrekin hartuko ditugu Zarauzko eta Euskal Herriko kaleak", adierazi dute. 

Horretarako, datorren ostegunerako egun osoko egitaraua prestatu du batzordeak. Hemen daude ikusgai egin dituzten deialdiak:

Urtarrilaren 30a

08:30. BiziPiketea, Azken Portutik abiatuta. Herri osoari buelta emango diote, zarauztarrak greban parte hartzera gonbidatuz. Ibilgailu jasangarriekin joateko deia egin dute (bizikletak, patinak, korrika...)

10:30. Pentsiodunen manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik. 

11:45. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egin duen deialdiarekin bat eginez, Donostiako manifestaziora joateko deia. Antiguoko tuneletik aterako da zutabea, eta 12:00etan, pentsiodunen zutabea aterako da Alderdi Ederretik. 

16:30. Lege Zaharren enparantzan askotariko tailerrak.

18:30. Manifestazioa herri osoan zehar, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide