Iritzia: 'Armairua'

Nerea Loiola 2020ko urt. 9a, 09:53

Nerea Loiolaren iritzia, Urola Kostako HITZAko aste honetako 'Puntuka' atalean.

Peppa pig-en partxisa, Monopoly Junior, Superpoly, Euskopoly, Who is she mahai jolasa (erosi berria), Nor da nor, Nor naiz, Urkatua, Mix it, Dixit, Dixit mahai jolaserako karta gehiago (badaezpada), Cortex, Lince, Piratak, Sardines, Uno, Dobble, Eduyoga karta jolasa, Patrulla Canina kartak (oso-oso erabiliak), Pirritx eta Porrotxenak, 4 karta sorta espainiar. Gomazko eraikuntza jolas bat, beste bat egurrezkoa, 72 piezatakoa, beste egurrezko bat, 6 kaxatakoa, plastikozko 132 piezatakoa eta Zoob eraikuntza jolasa. Baita Lego Duplo Nire lehen kotxeak kutxa ere, eta 123 piezatako Lego Classic, 484 piezatako Lego Juniors, Lego City helikopteroa, meatzea, elurretako motorra, uretakoa, Batmanen bi kotxe, 170 piezetako Lego Creator dinosaurioak egiteko. Eta puzzleak, puzzle pila bat: Mickey Mousen 348 piezako bat, 124 piezako beste bat, txakurkume (oso maitagarri) bat osatzeko 500 pieza, piraten irla bat 100 piezakoa, Minionsen beste bat 30 piezakoa, ibilgailuak eraikitzeko 10 piezako 5 puzzle. Teniseko 3 pilota hori eta bi pilota berde-laranja, esku pilotarako pilota goxua, Patrulla Caninaren gomazko baloi handi bat (airea aspaldi galduta), Toy Storyko gomazko baloi txiki bat, Miniren beste bat, baita Frozenena ere, eta Decathloneko bat ere bai. Nintento 2DS bat bere 4 jolasekin. Gomazko 4 erraldoi, Patrulla Caninako 6 txakur, kotxe bat eta helikoptero bat. Argazki kamera digital (zahar eta kolpatu) bat. Autoentzako 3 solairuko garaje baten atzean autoentzako 3 solairuko beste garaje bat, gomazko 45 errepide zati (ederki ordainduak), plastikozko errepide desmuntagarria, kamioi gorri-urdin bat, auto txuri handi bat, 5 auto berde txiki, 7 gorri, 10 beltz, 8 urdin, 3 txuri eta hori bat, eta 10 hegazkin txiki (ostadar osoa eskura). Tablet bat eta Chromebook bat. Minionsen itsulapiko txiki bat, Mickeyren ertain bat eta txerritxo itsulapiko klasiko bat. Adimena lantzeko Colour Code, Rush Hour, Day&Night eta IQ Fit bakarkako jolasak. Bai eta Zowi robota ere, bere kargadore eta guzti. Koloretako 12 plastilina pote, plastilinarekin izozkiak egiteko jolasa eta hanburgesak egitekoa, plastilina lantzeko 17 plastikozko erreminta desberdin, animalia itxurako (edo) 8 molde, egurrezko makiltxo batzuk eta plastikozko begi sorta bat. Aurpegia margotzeko 6 margoz osaturiko kutxa bat eta 12 koloreko beste bat, 3 pintzel eta 30 txantiloirekin, azala margotzeko 4 errotulagailu, argizarizko 12 margo lodi, argizarizko 24 margo, koloretako 24 lapitz, koloretako 30 boligrafo, koloretako akuareladun 2 kutxa, 8 tenpera pote, koloretako 12 margo akriliko, tenperekin margotzeko forma desberdinetako 6 belaki, txikienentzako 4 pintzel lodi, luzera eta lodiera desberdinetako beste 11 pintzel, zurezko bi asto txiki, zurezko 7 mihise, paper zuri biribilki bat eta margotzeko koaderno txuriegi handi bat. Dinosauro baten hezurdura desmuntagarria. Trapezio bat eta psikomotrizitate tunel bat, telazkoa. Pilotatxoa jaisteko plastikozko aldapa jolas bat, telazko bolo jolas bat, dardo magnetiko jolas bat eta labirinto bola bat. Animalia itxurako 9 pelutxeren atzean, Playmobileko Noeren ontzia, Playmobileko indioen kanpamentua, totemarekin, autokarabana, ukuilua, urmaela, 8 gladiadore, 10 zaldi, 26 pertsona, 14 bestelako animalia eta dozenaka osagarriz beteriko kutxa gorri bat. Munduko animaliei buruzko liburu lodikotea, Euskal Herriko animaliei buruzko liburua, animaliei buruzko Nire lehen liburua, Pirritx, Porrotx eta Marimototxen 8 ipuin, Ume jakinguratsuen esperimentu liburua, esperimentuak egiteko 110 piezako kit bat, esperimentu gehiago egin ahal izateko liburu gehigarria, haurrentzako beste 47 liburu eta jaboiak egiteko jolas bat. Pultserak egiteko 12 koloretako hari sortak, pultserak egiteko tamaina, forma eta kolore desberdineko egurrezko piezatxoen kutxa bat eta plastikozko piezatxoen beste kutxa bat.

Obra batzuk egiteko, etxea hustu behar izan dugu Eguberrietan. Artean, azaltzeko zegoen Olentzero.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide