1975ko martxoaren 13an ireki zituen ateak Iñurritza ile-apaindegiak; hasiera hartan artean Ondartza baserriaren behealdean zuen lokala. Valentin Malmasoro (Zarautz, 1952) oso ongi gogoratzen da nor izan zuen lehen bezeroa: «Etxetxikiko Santos Leunda aita izan zen». Hura abiapuntua baino ez zen izan: ia 45 urteko ibilbidearekin, bera izan da Iñurritza auzoko gizonezkoen ile-apaintzaile ofiziala. Orain, urtea bukatzearekin batera, abenduaren 31n, artazia eta orrazia mahai gainean utzi eta erretiroa hartu du.
Zaila izan al da erabakia hartzea ala jada ongi hausnartuta zeneukan?
Ez da erabaki zaila izan. Banindoan bizpahiru urte pentsatuz azken urtea egingo nuela lanean, baina oraingo honetan behin betiko erabakia hartu dut. Oraindik ongi nago, gogoz, baina noiz edo noiz erabakia hartu beharra dago, eta orain izan da momentua. Jakina, niri pena ematen dit hainbat eta hainbat bezero abandonatzea, baina gainontzean gustura nago.
Horrenbeste urte eta gero, Iñurritzako gizonezkoen ile-apaintzaile kargua zurea da.
Hori izan da nire ogibidea. Bakarra izan naiz auzoan gizonezkoei zuzendutako ile-apaindegia zuena, eta ni oso gustura egon naiz urte hauetan guztietan, gustuko lanbidea izan baitut. Gainera, bezero fidel asko izan ditut nik: auzokoak, herrikoak, Orio, Zumaia, Getaria, Aizarnazabal, Aia... Jende asko!
Zer izan da zure berezitasuna?
Ez dakit zer dudan berezirik... Beti izan dut jarrera berdintsua, klasikoa. Jendea hartu eta hamar minutu edo ordu laurden batean zerbitzua eskaini. Gaur egun, ordea, aldatzen ari da hori. Ezberdina da. Jende asko ohituta dago nire erara, eta, orduan, pena ematen dio nik uztea eta beste ile-apaindegi berri batera joatea. Tira, bilatuko dute zerbait!
Betiko bezeroek ez al dizute ezer aurpegiratu?
Askok esan didate ea nolatan hartu behar nuen erretiroa horren gazte izanda. Nik erantzuten nien: «Bai, oraindik gaztea... zera!». Kar-kar-kar! Baina ulertzen dute, beraiek bezala nik ere eskubidea dudala erretiroa hartzeko. Hala ere, hasieran ezustean hartu zuten albistea.
Esan duzu betiko estiloa izan dela zure eskaintza.
Hori da, bai. Beti guraizeekin egin izan dut lan, eta makina ile oso motza daramatenekin, baina beti galdetuz nola nahi duten. Gaur egun askok egiten dute makina sartu behetik gora eta kito. Nire estiloa klasikoa da.
Eta zuri nondik datorkizu ofizio honetarako grina?
Betidanik. Txikitan galdetzen zidatenean handitan zer izan nahi nuen, nik beti erantzuten nuen pelukerua izan nahi nuela. Horrela murgildu nintzen, eta horretan jardun naiz bizitza osoan. Gure etxean morroi bat bizi zen, anai bat bezala, eta hark lagun bat zeukan ile-apaindegi batean. Horrela, aprendiz modura hasi nintzen Peluqueria Andres-en, Minuto bezala ezagutzen zen ile-apaindegian. Baina han ez zuten denborarik hartzen niretzako eta ez nuen aurrerapenik egiten, eta alboko ile-apaindegitik deitu zidaten, Cardadorretik. Bertan, bai, ofizioa ikasi nuen, eta hantxe aritu nintzen soldaduskara joan arte. Soldaduskatik bueltan, nire aitak baserrian prestatu zidan ile-apaindegia, beheko sukaldea zen tokian. 1975etik, etxebizitzak eraiki zituzten arte, egon nintzen han, eta, ondoren, hamalau bat urte egin ditut hemen (San Pelaioko elizaren parean, Gipuzkoa kalean).
Baserriko behealdea oso toki xarmagarria zen.
Polita zen, bere zelaitxoarekin sarreran. Hori bai, egungoaren aldean ezkutuan zegoen. Hau bista-bistan dago eta jendea sartzeko erakusleiho bat du. Bi tokietan aritu naiz oso gustura, baina baserriak bazuen xarma berezia. Ez zen kaleko ile-apaindegi dotore batek ematen zuen itxura... Baina auzoko denak bertara etortzen ziren.
Arraroa egingo zitzaizun lekualdatzea, ezta?
Arraroa egin zitzaidan, baina ongi hartu nuen aldaketa. Baserriaren aurretik ez zegoen ia pasaerarik; auzoko norbait igarotzen zen, baina ez zen apenas autorik pasatzen. Hona etorri nintzenean, sumatu nuen lehen aldaketa trafikoa izan zen. Hura zen hura eskandalua! Kar-kar-kar! Establezimenduak dauka alboan harategia eta estankoa, eta jendea hara eta hona dabilenez, ile-apaindegira sartzen da. Beraz, bezero aldetik, ondo funtzionatu du lekualdaketak.
Orain modan dago bizarra txukun zaintzea eta moztea. Zuk bizarra ere egiten zenuen?
Orain, ile-apaintzaile askok bizarra apaindu egiten du, baina gero ez dira gai aurpegian xaboia eman eta bizarra mozteko. Nik ikasi egin nuen, eta orain arte bezero askori moztu diet bizarra. Gainera, gaur egun ez dakit badagoen Zarautzen bizarra mozten duenik nik egiten nuen bezala. Desagertzear den espezie bat izango naiz! Kar-kar-kar!
Zer da eskatu dizuten orrazkerarik bitxiena?
Ez dakit bada... Noiz edo noiz norbaitek zerbait bitxia eskatu zidan, baina ez nion egin. Kar-kar-kar!
Orduan, auzoan gizonezko denak orrazkera berarekin ibiltzen dira?
Orrazkera berarekin ez, baina estilo klasikoarekin. Batzuei gehiago moztuta, besteei gutxiago, baina orokorrean guraizeekin egindako mozketa klasikoa da nirea. Haurrekin ere oso gustura aritu naiz lanbide honetan, ongi menderatu baititut... Hona, Ikastolako mutiko ugari etorri dira ilea moztera.
Belaunaldi ezberdinak...
Bai, bai! 48 urteko bezero bat neukan, eta esaten zidan bere aitonarekin joaten zela ilea moztera baserrian neukan lokalera. Belaunaldi asko pasatu dira nire eskuetatik.
Lagunek eginiko omenaldia, azken egunean
Valentin Malmasorok abenduaren 31n eskaini zituen bere azken zerbitzuak. Hori jakinda, bere lagunek omenaldi txiki bat egin zioten, artean lanean ari zela. «Agustin Belmonte bezeroak egun horretan bizarra mozteko txanda hartu zuen, eta moztu ondoren, Pedro Enea jatetxetik kuadrilla bat etorri zen beregana. Hasieran pentsatu nuen ospakizun bat izango zutela beraiek, baina bat-batean denak ile-apaindegira sartu ziren eta omenaldia egin zidaten, bertsoekin eta kantuekin. Nik ilea mozten jarraitzen nuen bitartean», kontatu du ile-apaintzaileak.
Egindako aitortzarekin txundituta geratu zela, baina, era berean, eskertuta dagoela adierazi du Malmasorok. «Egia esan, oso ukituta utzi ninduen. Oso gustura nago nire omenez egin zidatenarekin».