Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema dinamikaren barruan, ekintzaileei eta enpresari txikiei zuzendutako tailer berria antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Komunikazioaren balioa salmenta prozesuan tailerrak izan duen harrera "ona" izan delakoan, gaiari berriz heltzea eta saio berria prestatzea erabaki du mankomunitateak. Hala, "erabat praktikoa" izango da oraingo saioa, eta urtarrilaren 28an egingo dute.
Saio bakarreko formakuntza izango da lau orduko ikastaroa, 09:30etik 13:30era, UKUEren egoitza nagusian, Zarauzko Urdaneta bideko 6. zenbakian. Gaiari buruzko aurreko saioan parte hartu zutenentzat "irekita" dago saioa, baita "lehendabizikoz parte hartzeko interesa dutenentzat" ere.