490.000 bisitatik gora izan ditu Zarauzkohitza.eus-ek 2019. urtean

Zarauzko Hitza 2020ko urtarrilaren 5a

Google Analytics neurgailuaren arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 491.913 bisita izan ditu Zarauzkohitza.eus atariak, eguneko 1.350 bisita inguru. Iazko datuekin alderatuta, %31,10 igo da bisita kopurua –iaz 375.206 bisita izan zituen webgune honek–. Aurten ere, bisita gehienak eskuko telefonoetatik etorri dira, bisiten %68,23.

Webgunea sortu zenetik Zarauzkohitza.eus atariko bisita kopuruak goraka doaz urtez urte, eta modu nabarmenean, gainera. 2019an, beste behin, orain arteko markak hautsi ditu. Izan ere, Google Analytics neurgailuak emandako datuak kontuan hartuta, 491.913 bisita izan ditu. 2018ko datuekin alderatuta, %31,10 hazi da bisiten kopurua; 2018an 375.206 bisita izan zituen webguneak. Bisitariek, guztira, 978.884 orri zabaldu dituzte urte osoan zehar.

Eguneko bisita kopuruaren batez bestekoak ere gora egin du 2019. urtean: egunero 1.350 bisita izan ditu, eta bisita horietan, batez beste minutu bat eta 44 segundo igaro dituzte erabiltzaileek. 2018an, berriz, 1.027 bisitari izan zituen Zarauzkohitza.eus-ek egunero, eta bisita horietan, batez beste, minutu bat eta 41 segundo igaro zituzten erabiltzaileek. Bestalde, egunero 2.681 orri zabaldu dituzte herritarrek batez beste –2018an, berriz, 1.900 orri–. Horrenbestez, zabaldutako orri kopurua ikaragarri hazi da 2018tik 2019ra.

Hainbat datu

Hasiera-hasierako joerari eutsiz, Zarauzko Hitzaren erabiltzaileen gehiengoak eskuko telefonoetatik irakurtzen dituzte edukiak, beti kopuruei eutsiz. 2019an, bisiten %68,23 etorri da telefono mugikorretatik, 2018an baino %2 gehiago. Ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisita kopuruak, berriz, %27,33 eta %4,44 izan dira hurrenez hurren.

Sare sozialetatik bideratutako bisiten kopuru handiena Facebooketik iritsi zen iaz ere, %75,89. Twitterretik iritsitakoen kopurua, berriz, %23,59 izan zen.

Zarauzko Hitzak joan zen abenduaren 31n argitaratu zuen urteko hamar albiste irakurrienen zerrenda, baina horiez gain, aipatzekoa da erabiltzaileek gehien bisitatu dituzten orriak Galeriak, Eskelak eta Agenda izan direla.

Eskerrik asko, 2019an ere Zarauzkohitza.eus bisitatu eta elikatu duzuen guztioi. Iaz lortutako datu guztiak pizgarriak dira atariarentzat, orain arteko bidean lanean jarraitzeko. Eta ez ahaztu: zuek ere bazarete Zarauzko Hitza, eta zuen egitasmoen, lanen edo ideien berri emateko dago ataria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide