Inauterietako Kartel Lehiaketa antolatu dute beste urte batez Zarauzko Udalak eta Euskalduna tabernak. Kartelak A3 formatu fisikoan edo TIFF, JPG edo PDF formatu digitaletan aurkeztu daitezke, eta gehienez bi lan aurkezteko aukera izango da. Horiek originalak izan beharko dute; norberak sortuak eta aurretik argitaratu gabeak, alegia. Urtero bezala, lehiaketan saritutako kartelak 2020ko Inauteriak iragartzeko eta hainbat euskarritan haien publizitatea egiteko erabiliko dira.
Parte hartzaileek Euskalduna tabernan edo Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dituzte beren lanak urtarrilaren 27a bitartean. Epaimahaiak bi kartel onenak aukeratuko ditu. Irabazleak 300 euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak, 100. Hirugarren sari bat ere izango da, hain zuzen ere, herritarrek gehien bozkatutako kartelak irabaziko duena. Azken horren saria bi pertsonentzako afaria izango da. Publikoaren bozketa sare sozialen bidez egingo da: urtarrilaren 29an igoko dituzte Facebook atarira eta bertan eman beharko zaio botoa. Otsailaren 5ko 12:00ak arte egongo da aukera kartelei Atsegin dut emateko.
Horrez gain, aurkeztutako lan guztiekin Euskalduna tabernan erakusketa bat antolatuko dute. Informazio gehiago eskuragarri izango da Zarauzko Turismo Bulegoan (Jaiak eta Ekitaldiak Departamentuan) edo jaiak@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita.