"Kalitatea eta aniztasuna". Bi ezaugarri horiek izan dituztela ardatz adierazi du Irune Urbieta Kultura zinegotziak 2020ko urtarriletik ekainera arteko kultur egitaraua prestatzeko orduan. Horrekin batera, "herritar orok gustuko zerbait topatzea da helburua". Kultura Departamentuak eta Liburutegiak elkarlanaren bitartez 48 jarduera antolatu ditu, bi salbu; horiek Parekidetasun Sailaren ekimenez izan dira. Ekitaldietako artista, sortzaile nahiz taldeen gehiengoa euskal herritarra dela nabarmendu du zinegotziak, baina tartean badela Madrilgo eta Kataluniako talderik ere.
Herritarrak jakinaren gainean egon daitezen, urteko lehen seihileko kultur programazioaren liburuxkak argitara eman dituzte. Herriko leku publiko hauetan egongo dira eskuragarri: Turismo Bulegoan, Sanz Enea kultur etxean, Aritzbatalde kiroldegian, Gaztelekuan, Udaberri elkartean, Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Modelo aretoan. Ekitaldi guztien sarrerak urtarrilaren 2tik, ostegun honetatik bertatik, aurrera jarriko dituzte salgai Sanz Enea kultur etxean, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Modeloko ikuskizunak
Ikusmin handia sortzen ari den antzezlan batekin ekingo diote urteko kultur eskaintzari. Izan ere, Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Axut taldeek elkarlanean ekoitzitako Zaldi urdina obra ikusteko aukera izango da urtarrilaren 10ean, Modelo aretoan. Olatz Azkue kultura teknikaria arduratu da Modeloko ikuskizunen berri emateaz, eta Zaldi urdina lanaz aparte, beste bost antzezlan –Interrupted (Teatro en Vilo), Erradikalak ginen (Ane Labaka eta Beatriz Egizabal / Parekidetasun Saila), Ene ba! (Txalo Produkzioak), ¡Ave Osos! (El mono habitado) eta Ni munduko txarrena (Vaiven Produkzioak)– eta bi dantza emanaldi –Gorpuztu (Doos Colectivo) eta Gauekoak (Kukai Dantza)– izango direla jakitera eman du.
Agurtzane Aizpuru kultur teknikari berria ere bertan izan da –erretiratu berri den Fernando Llopisen ardura hartu du–, eta ikasturte amaiera bitartean Antzerkia Familian egitasmoaren barruan eskainiko dituzten lanen berri eman du. Guztira, bost obra eskainiko dituzte 3-5 urtetik gorakoentzat: Mari Errauskin (Glu-Glu produkzioak), Pinotxo (Gorakada Teatroa), Safari (La Baldufa), Hai, La pescadora de sueños (Cia. Giramagic) eta Kontu kantari 2. Mendian ibiltari (Laenananaranja / La Ressistens). Nobedade gisa, Aizpuruk azaldu du haurren antzerkiko ordutegia 17:00etara aldatu dutela: "Ordu erdiz atzeratzea erabaki dugu. Izan ere, 16:30ak goizegi geratzen zela iruditzen zitzaigun".
Bestalde, denboraldian zehar oholtza gainean gozatu ahal izango diren bi kontzertuak aurkeztu ditu teknikari berriak. Alde batetik, Zarauzko bizilagun Asier Serrano idazle eta musikariaren Lorelei taldea; proiektuaren itzulerako kontzertu gutxi batzuk iragarri ditu taldeak eta horietako bat Modelon izango da. Bestetik, Juantxo Zeberio gidari, izaera eklektiko duen Tenpora musika taldea.
Literatur solasaldiak eta erakusketak
Harrera ona izaten duten literatura solasaldiekin jarraituko dutela aditzera eman du liburutegiko arduradun Idoia Etxebarriak. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte, hilean behin, eta aurten ingelesez ere hasi dira. Datozen hilabetetan dinamika berari eutsiko diote, baita Gazteentzako Irakurketa Klubarekin ere. Etxebarriaren esanetan, ordea, gazteak gutxiago animatzen dira irakurketa taldera, eta bertan parte hartzera animatu ditu. Bestalde, ohiko moduan, Miriam Mendozak gidatutako irakurketa txokoak izango dira hilero, baita ipuin kontalari gonbidatu bat ere.
Erakusketak ere ez dira faltako 2020ko kultur programazioaren barruan. Bi aretotan banatuta datoz, gainera: batzuk, Sanz Enea kultur etxean, eta besteak, Torre Luzean. Nabarmenetakoen artean, Koldobika Jauregik Telmo Esnalen Dantza filmerako eginiko jantziak ikusteko aukera izango da; otsailaren 6tik martxoaren 29ra, Sanz Enean. Bestetik, klasiko bat bihurtu den Argazki Bilera, herriko hainbat aretotan ikusi ahal izaten dena, eta kasu honetan, Sanz enean eta Torre Luzean paratuko dutena.