Bidelanen kaleratzeak "bidegabetzat" jo ditu epaiak

Zarauzko Hitza 2019ko abenduaren 29a

A-8 autobidea. (Hitza)

ELA sindikatuak "fede onez" jokatzeko eskatu dio enpresari, eta Zarauzko egoitzako bi langile kaleratuak berriz hartzeko.

Bidelan AP-8 enpresaren Zarauzko egoitzako bi langile kaleratu zituela jakitera eman du ELA sindikatuak, eta auzitegiak erabakiak "bidegabeak" izan direla ebatzi duela. Donostiako zigor arloko 2 zenbakiko epaitegiak enpresak langileen aurka hasitako kausa penalaren artxibatzea erabaki ondoren, abenduaren 26an lehen epaia argitaratu zuen Donostiako lan arloko 5 zenbakiko epaitegian, "kaleratzeak bidegabetzat joz".

"Egia da gertakariek diziplina zigor bat izan zezaketela, baina epaian garbi geratu da proportzionaltasun eta tipikotasun falta zehatza dagoela diziplinazko kaleratze hauetan. Epaileak ondorioztatzen du gertakariek ez dutela diziplinazko entitate nahikorik, kontuan hartu gabe enpresak benetan erabili zuen prozedura penala langilea kaleratzeko aitzakiatzat, gertakariak artifizialki areagotuz; izan ere, baliteke prozesu penala irekitzea, egun horretan gertatutakoaren grabazioa gorde ahal izateko", aditzera eman dute ELA sindikatutik.

Epaia abenduaren 26an argitaratu zen, eta enpresak bost eguneko epea izango du epaia jakinarazten denetik langileak berriz onartzeko edo epaileak ezarritako kalte-ordaina ordaintzeko. Horregatik, ELA sindikatuak enpresari eskatzen dio "fede onez" jokatzeko eta kaleratuak berriz hartzeko. Hori hala izango ez balitz, kaleratutako langileen defentsan mobilizatzeko eskatzeko asmo dute gainerako langileei eta sindikatuei. ELAko arduradunen hitzetan: "Langileak berriro ez onartzeak Bidelanek arrazoi justifikaturik gabe langileak kaleratzeko aukerari atea irekitzea ekarriko luke".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide