'Zaldi urdina' antzezlana izango da ikusgai urtarrilaren 10ean

Zarauzko Hitza 2019ko abenduaren 28a

Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Axut taldeek elkarlanean ekoitzitako Zaldi urdina antzezlana ikusteko aukera izango da Modelo aretoa. Urtarrilaren 10ean izango da, ostiralarekin, 22:00etatik aurrera, eta sarrerak urtarrilaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai Sanz Enea kultur etxean, 10 euroan. Kultur etxeko ordutegia honakoa da: 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara.

Antzezlanaren webguneak ondorengoa azaltzen du: "Euskal Herrian nahikoa da “Zaldi zuria” esatea burura etortzeko heroina eta 1980ko hamarkada. Eta behin buruko errota martxan ipinita, segituan etorriko zaizkigu burura beste hainbat auzi ere: gazteria eta rock musika, askori; hiesa eta heriotza, ez gutxiri; gatazka politikoa eta botereen esku beltza, beste hainbati. Auzia da droga kalean dela, hemen eta orain, bere ertz eta erabilera guztiekin. Eta, tartean, heroina itzuli dela. Hortik izenburu metaforikoa: ZALDI URDINA".

Lantaldeak Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin batera idatzi du istorioa, eta Ximun Fuchs du zuzendari eta Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzaile. Aktore zerrenda honako hauek osatzen dute: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobidek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide