[INUZENTE EGUNEKO ALBISTEA] Kirol instalazio bat eraiki nahi dute moilan

Zarauzko Hitza 2019ko abenduaren 28a

KukaƱa jokoa Zarauzko moilan. (Aritz Mutiozabal)

Aisialdi enpresa bat dabil proiektuaren atzean, eta HITZAri kontatu dionaren arabera, bi ardatz nagusi izango ditu: tranpolinetako jauziak eta stand-up paddle ikastaroak.

Zarauzko Arraun Elkarteak azken urteetan moila biziberritzeko egindako saiakerak harago emate aldera, aisialdi enpresa batek proiektu anbiziotsu bat aurkeztu dio Zarauzko Udalari. Enpresak berak HITZAri jakitera eman dioenez, kirol instalazio moduko bat eraiki nahi du moilan bertan, bi esparru nagusirekin: alde batetik, tranpolinak, kukaña eta jauziak dira ardatz, eta bestetik, surfa bezalako kirolak.

Enpresak aditzera eman duenez, herrian betidanik egon da moilan uretara jauzi egiteko ohitura, baina "segurtasun falta handia" dagoela iritzi diote. Errepideko petrilean material ez irristakorra jarri nahiko lukete, herdoilduta dauden eskailerak konpondu eta neurri olinpiar ertaineko bi tranpolin jarri. Horrez gain, ikastaroak eman nahi dituzte jauziak txukun egiten trebatzeko, baita kukañan segurtasunez aritzeko.

Bestetik, egun dutxak dauden eremua eta soroslea egoten den txokoa bateratu nahi dituzte instalazio komun bat bihurtuz. Bertan, aldagela, dutxa, biltegi eta bulego bihurtuz. Era berean, bertatik surf ikastaroak antolatu nahi dituzte, nolabait ere, modu publikoan, kiroldegiko bazkideentzako eskaintza gisa. Hasiera batean, moilaren kokapena kontuan izanda, stand-up paddle-arekin hasi nahiko luketela adierazi dute.

Nolanahi ere, hau guztia oraindik orain proiektu bat baino ez da, baina arduradunek HITZAri aurreratu diotenagatik 2020ko udal aurrekontuan txertatzekoak dira, eta litekeena da datorren udako prest egotea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide