Antoniano Kirol Elkarteak antolatuta, urteko azken egunean San Silvestre lasterketa egingo dute, eta dagoeneko izen-ematea zabalik dago. Aurrez Helmuga Kirolak dendan egin daiteke, 5 euro ordainduz; egunean bertan, lasterketa hasi baino lehenago ere eman daiteke izena, baina 7 euro balioko du. Lasterketa nagusian 14 urtetik gorakoek ahalko dute parte hartu.
Ibilbideak 4 kilometro ditu, eta betikoa zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote korrikalariek. 18:00etan abiatuko dira Musika Plazatik, eta toki berean helmugaratuko dira. Lehen hiru sailkatuentzat egongo dira sariak, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. Bestetik, sari berezi bat emango zaio mozorrorik onenarekin korrika egiten duenari. Era berean, zozketak eta opariak banatuko ditu antolakuntzak parte hartzaile guztien artean.
Haurren lasterketa
Lasterketa nagusiaren aurretik, ordea, haurren lasterketa jokatuko da; 0 eta 13 urte bitarteko ume guztiek parte hartu ahal izango dute. 17:00etan irtengo dira Musika Plazatik, eta herrigunean itzuli labur bat emango dute . Sailkapen bakarra egongo da bai nesketan eta baita mutiletan ere. Lehen 3 sailkatuek goxoki poltsa bana jasoko dute saritzat.