Oraindik egin daiteke eskaera Gazteria Saileko diru laguntzetan

Zarauzko Hitza 2019ko abenduaren 27a

Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan egin behar dira, eta abenduaren 30ean bukatuko da horretarako epea.

Astelehenean bukatuko da Gazteria Departamenduak 2019 urterako eskaintzen duen diru laguntza eskatzeko epea. Herriko gazteei edo irabazi asmorik gabeko gazte eta gizarte elkarteei zuzendutako laguntzak izan ohi dira, eta, bertan, urteko programaketa, begiraleen prestakuntza, materialen erosketa zerrenda eta ekimen puntualentzat laguntzak eskaintzen dira. Eskatzaileek 14-30 urte bitartekoak izan behar dute, eta taldearen bi herenek Zarauzko udalerrian bizi azken urtean.

Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gaztedi zinegotziak nabarmendu duenez, gazteek ekimenerako eta sormenerako grina dutela, eta proiektu edota asmo horiek aurrera ateratzeko laguntza eskaini nahi duela udalak. Izan ere, "gure helburua da Zarauzko gazte oro laguntzea, elkarte edo taldeek egiten edota antolatzen dituzten ekintza guztiek herria biziberritzen, alaitzen eta aisialdia errazten laguntzen dutelako. Gure asmoa garbia da: elkarren arteko berdintasuna eta Zarauzko gazteen aniztasuna bermatu beharra dago; beraz, guztiei dei egiten diet laguntza horiek eskatzera".

Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ, Kale Nagusia 29) egin behar dira; azken eguna abenduaren 30a. Informazio gehiagorako 943-00 51 22 telefonora deitu daiteke, gazteria@zarautz.eus posta elektronikora idatzi edo Gaztelekura (Zigordia kalea, 34) jo.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide