Durangoko Landako kiroldegian jokatutako partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Partidaren lehen bi laurdenetan Ulacia argi eta garbi nagusitu da markagailuan, eta hogeita bi puntuko errenta mardula eskuratu du neurketaren erdira iristean. Ez da gai izan, ordea, partida amaitu arte markagailuan aurretik mantentzeko.
Azken laurdena, gainera, bere alde hamabost puntuko abantaila zuela hasi du Zarauzko taldeak, baina berak baino hogei puntu gehiago sartu ditu Tabirako talde durangarrak, eta bost puntuko aldeaz gailendu zaio partidaren amaieran.
Oso puntuazio baxuko partida batean, berriro ere kaltegarri izan zaio Zarauzko taldeari azkenaldian duen ahulezia, errebotearena. Aurkariak Zarauzko taldean baino errebote gehiago jaso ditu beste behin, zazpi errebote gehiago, hain zuzen. Horri gehitu zaio, larunbatean jokatutako neurketan ez duela kanpoko jaurtiketetan asmatu: hiru puntuko bi saskiratze baino ez ditu sartu partida osoan, ehuneko hamabiko portzentaje kaskarra osatuz partidaren amaieran.
Ez da urtea amaitzeko emaitza onena izan Ulacia taldearentzat. Gainera, porrot honen ondorioz, galdutako partiden kopurua irabazitakoena baino handiagoa da orain, sei irabazi eta zazpi galdu baititu denboraldia hasi zenetik.
Hiru aste ditu aurretik Zast-Ulacia taldeak partida ofizialik gabe, eta min hartuta dituen jokalariak osatzeko eta bere jokoa suspertzeko erabili beharko du denbora hori.