Gutuna: 'Zarauzko Udal Liburutegiko langileak: aipamenengatik…'

Zarauzko Hitza 2019ko abenduaren 23a

2019ko abenduaren 20an, Hitza egunkariko 'Gutuna' atalean kaleratutako idatzian, Haritz Larrañagak  esandakoari erantzutera gatoz. 'Zarauzko amesgaiztoen liburua' kaleratu ondorengo berrietan, aldez aurretik plazaratutako 'Zarauzko ametsen liburua' herritarren eskura ez jartzea leporatu zion erakundeari, zentsuratu izana, alegia. 

Aipamenengatik, komenigarria ikusi genuen datua ez zela zuzena argitzea, 2016tik zegoela eskuragarri, interesa zuen edonork mailega zezan.  Datu zuzena ematea zilegizkoa iruditu zitzaigun, gaizki-ulerturik egon ez zedin, eta, batez ere, bertako langileon lana aldarrikatze aldera. Baina datuok ez izan nahikoak antza…

Guk ez dakigu garaiko arduradunak zer esan zizun, ez baitago orain hemen eta ezin dugu besteen egite, iritzi edo ekintzen erantzule izan, baina datu zehatz, zuzen eta kontrastagarria daukagu: Zarauzko ametsen liburua 2016ko azaroaren 10ean erosi zen Garoa liburudendan (faktura eskuragarri daukazu, ikusi nahi izanez gero), eta egun horretan bertan  Zarauzko Udal Liburutegiak berak erregistratu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko katalogoan (eta ez, metadatoa denez, ezin da erregistratu ondoren aldatu). Egun horretatik bertatik eskuragarri izan dute herritarrek, eta horren lekuko da azken mailegua, 2017ko urtarrilaren 24an (datu hau ere aldatu ezina…).

Horrekin garbi utzi nahi dugu ezin direla “Ez dakit egiaz azken hilabeteetan Zarauzko ametsen liburua liburutegiko apalategietan zen edo pasa den astean erregistratu zuten” moduko  egiaztapenak epeltasun osoz kaleratu, beti gelditzen baita zerbait besteen izena belztu ondoren. Erantzuteko astebete pasa izana ez da argudio horrelako baieztapena berresteko.

Ez dakigu abuztuaren 3an zer gertatu zen (erratzeko eskubidea ere aitortu beharko diogu edonori)  baina bilaketa online etxetik egitea bezain erraza zen liburua eskuragarri zegoela ikusteko. Arduradunarekin telefonoz hitz egin izan bazenu ere, atsegin handiz argituko zizun gaizki-ulertua. Datu horiek guztiak egiaztatu nahiko bazenitu, gurekin harremanetan jarri edo liburutegira bertara etorri besterik ez duzu egin behar, bai baitaude zenbait datu profesionalok soilik ikus ditzakegunak (www.katalogoak.euskadi.eus), legea betetze aldera.

Arazoa argi gelditu dela iruditzen zaigu, izan ere zure hitzei jarraiki: “Lagungarriagoa da beti egia azaltzea ezkutatzea baino”. Ez daukagu liskar horrekin aurrera jarraitzeko asmorik, hau da gure azken erantzuna.

Kultura eta bizikidetzaren esparru behar lukeen liburutegia, ez dezagula amesgaizto bilaka.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide