200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatu zuten atzo, igandean, Asteasun (Gipuzkoa), eta Aimar Irigoien errezildarra nagusitu zen proban; hiru minutuko bi txandatan, 17 aldiz altxatu zuen harria Irigoienek. Bigarren postuan, Jokin Eizmendi zarauztarra sailkatu zen, 16 jasoaldi eginda; hirugarren, berriz, Inaxio Perurenak egin zuen, guztira 15 jasoaldi egin ondoren.
Guztira, hamabi harri-jasotzaile lehiatu ziren txapelketan, eta eskualdekoen presentzia nabarmena izan zuen norgehiagokak. Izan ere, horietatik hamar ziren Urola Kostakoak: Irigoien, Eizmendi, Joseba Ostolaza arroarra, Martin Mendizabal azpeitiarra, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrak, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra.
Azkenekoz duela 30 urte jokatu zuten harri-jasotzaile txapelketa berreskuratu zuten atzokoan, eta orduko arau berberekin jokatu zuten proba: hiru minutuko bi txanda izan zituen harri-jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen zituena izan zen txapelduna. Ikusmin handia sortu zuen norgehiagokak, eta zale ugarik jarraitu zuen zuzenean proba.