Iñaki Salvadorren Lilurarik ez. Mikel Laboarekin solasean omenaldi diskoan du oinarri Laboa Jazz ikuskizunak. Abeslariaren piano-jotzailea izan zen Salvador 25 urtez, eta lan horretan jazzaren ikuspegitik ondu zituen Laboaren abesti ezagunak. Azken urtetan diskoan landutakoa oholtza gainera eramaten ari da bere bandarekin, eta ostiralean Modelo aretoan eskainiko dute ekitaldia, 20:00etan hasita. Sarrerak 10 euro balio du eta Sanz Enean daude salgai; egunean bertan ere erosteko aukera izango da leihatilan saio hasi baino ordubete lehenago.
Txoria txori, Izarren hautsa eta Kontatu didate bezalako abesti ezagunak entzuteko parada izango da, baina baita horren ezagunak ez direnak ere. Salvadorrekin batera, ondorengo musikariak igoko dira Modeloko agertokira: Ainara Ortega eta Maria Berasarte abeslariak, Angel Unzu gitarrista eta bouzuki jotzailea, Hasier Oleaga bateria jotzailea eta Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu jotzailea.