Abuztuan hasi zen Usua Garin (Zarautz, 1987) ETB1 kateko Ur handitan saioko zuzendari lanetan. Xabier Madariaga kazetaria aritzen da aurkezle eta asteartero, gai indartsuak lantzen dituzte modu serio eta sakonean. Kamera atzeko lanetan esperientziaduna da Garin, eta zeregin berrian dituen erronkei gogoz heldu die.
Arrakasta handia al du Ur handitan programak?
Bai, uste dut orokorrean gustatzen den saio bat dela eta lortu duela publiko finko bat edukitzea. Horrek badu meritu pixka bat, ETBn oraintxe dena oso efimeroa delako, dena azkar joan eta etortzen da.
Euskaraz gaiak halako sakon lantzen dituen programa asko ez dago.
Badira guk baino arrakasta handiagoa duten programak, Herri Txiki, infernu handi esaterako; eragin handia du saioa igandean emateak. Baina bai, halakoek ez dute guk gaiak lantzeko dugun sakontasun hori. Euskaraz modu horretako beste saiorik ez dago une honetan.
Euskal Herritik kanpoko saioetatik hartzen al dituzu ideiak?
Bai, baina gertatzen da ni iritsi naizenerako saioa eginda zegoela; ez dut nik martxan jarri. Orain arte Ur handitan saioak izan duen ildoa jarraitu behar dut, errespetuz tratatu behar dut. Dena den, aurreko urtetik hausnartutako aldaketa txiki batzuk egin dira aurten. Kolektiboei eta atmosferari garrantzia handiagoa ematen ahalegintzen gara. Gai batek lotzen dituen pertsonaien istorioak kontatu beharrean, pertsonaia bat hartu eta horren inguruan mugitzen denari ematen diogu protagonismoa.
Zein da zuen erreferentea?
Beti konparatu izan da Ur handitan Salvados saioarekin; hori izan da erreferente Espainiako telebistara begira jartzen bagara. Den den, nik neuk Argiaren webgunera sartu eta hango dokumentaletan ere topatzen ditut inspiratzen nauten elementuak.
Zaila al da protagonistekin konektatzea?
Ekipoan erredakzio talde indartsu eta handia dugu. Gutxi gorabehera, saio bakoitza hiru astean lantzen dugu. Aurreprodukzioa astebetean egiten dugu; deiak egin, pertsonaiak landu... Aurten, emisioa pixka bat atzeratu da, eta irabazi dugu gaiak lantzeko denbora gehixeago.
Gu geu ere harritu egiten gara batzuetan. Atzo [abenduaren 11n egin zen elkarrizketa] haur minbiziari buruzko saioa emititu genuen. Gai hori abuztuan hasi ginen lantzen, bere etxeko ateak zabalduko zizkigun norbait topatzea zaila izango zela iruditzen zitzaigulako. Ba, zabaldu zizkiguten, parez pare, gainera. Utzi ziguten beraiekin egoten, grabatzen... Gu geu ere harritu egiten gara halakoetan. Batzuek diote beraientzat terapeutikoa dela horren inguruan aritzea.
Ezezko eta kalabaza asko ere jasotzen dugu. Egia da pertsonaia batzuekin feeling modukoa sortzen dela, eta beste batzuekin ez, baina etxetik ikusten duenak hori ez du antzematen.
Nahikoa al dira hiru aste halakoak lantzeko?
Euskal Telebistan asko da, ondo dago. Baina gero konturatzen zara horrelako saio bat egin ahal izateko gutxi dela. Berez, beharko genuke askoz gehiago, gai bakoitzarekin luzeago jarraitu ahal izateko. Dena den, uste dut ondo ari garela moldatzen.
Horren gai indartsuak lantzeak barrenak mugitzen al dizkizu?
Bai, eta horregatik, batzuetan iruditzen zait denbora ez dela nahikoa. Emisioan banaka doaz, baina nik, buruan, oraintxe bost saio ditut, eta bost horiengan pentsatu behar dut bai indibidualki, baita osotasunean ere. Lantaldeko kide batzuk, berriz, grabaketan daude eguna joan eta eguna etorri.
Atzoko saioak, esaterako, mundu guztia mugituta utzi zuen, baina gaur beste bat ari gara grabatzen. Nahigabe ere, gure erruleta horretan sartzen gara eta gai batzuk besteek baino gehiago hunkitzen gaituzte, baina aurrera egin beharra dugu, entrega bat bestearen atzetik izaten dugulako.
Markatzen da erritmo bat, eta burua haur minbizian daukagula ari gara lanean emakumea eta kartzelaren gaiarekin, Erorien Haranarekin, gor-mutuekin... Batzuetan ez dakigu burua non daukagun ere, baina tira.
Izan al du bilakaerarik saioak?
Bai, hortik dator pixka bat atmosferaren inguruko erabakia. Hau da, protagonista izango den espazio bat hartzea, bertan nola bizi den azaltzea, eta Xabierrek hori lehen pertsonan bizitzea. Saiakera hori ari gara egiten, baina ez da beti erraza izaten. Pasaiaren gaia jorratu genuenean, horretan ahalegindu ginen, baita komentuei buruzko saioarekin ere. Leku batean kokatzen garenean hori egitea erraza da, baina gaia orokorragoa denean ez da hain erraza guretzat.
Gertatzen zaiguna da, ez dugula gairik lantzeko. Hasi ginen abuztuan hamabost saio egiteko helburuarekin, eta oraintxe, beste hogei agindu dizkigute. Hiru urte atzera egin, eta iruditzen zait Ur handitanek dagoeneko denetik egin duela. Orduan, uste dut aurtengo arrakastaren gakoetako bat dela gaiak eta horiek tratatzeko modua ondo aukeratzea, nahiz eta ziurrenik ideia batzuk errepikatu egingo diren.
Ikusleak hunkitzea bilatzen duzue. Nola egiten da hori?
Aurregidoi bat izaten dugu, eta hor zehazten dugu pertsonaia bakoitzarekin zer lortu nahi dugun. Pertsonen errealitatea garrantzi handia ari da hartzen aurten telebistan. Oso ondo zehazten ditugu zeintzuk izango diren gure pertsonaiak, ikusi nahi dugun errealitatea, saioaren nondik norakoak... Asmo horiek aurretik, bilatzen ahalegintzen gara, baina gero, grabaketan eta edizioan, gauzak asko aldatzen dira.
Batzuetan, momentu hunkigarriak grabaketan bertan sortzen dira. Haur minbiziari buruzko saioaren kasuan hala izan zen, Urkori [saioko protagonista] probak egiten zizkiotenean edo berri ona eman ziotenean, han egoten utzi zigutelako. Guretzat saio hori altxor bat da, gauzak beti ez direlako horren erraz gertatzen kameraren aurrean. Beste batzuetan hitz gakoak hartuta eta musikarekin eta irudiekin jolastuta ahalegintzen gara momentu horiek sortzen.
Zer ikasi duzu hilabete hauetan?
Ur handitanek ardura erantsi bat eman dit. Ikusle fidelak dituen saioa da, eta jorratzen diren gaien arabera, nahiko zeresan sortzen du. Egina daukan ibilbidearekin, fideltasun horri eustea bada erronka handi bat. Bestetik, lehen aldiz daukat gizarteko gaiekin aritzeko eta mugitzen gaituzten gaiak lantzeko aukera.
Gure artean desadostasun handiak izaten ditugu erabakitzen zein galdera egin, zein ez, nola bideratu gaiak... Zaila da koherente izatea. Beste guztiaren gainetik lehenesten dugu kameraren aurrean jartzen denari errespetua zor diogula. Bai gonbidatuei, baita Xabierri ere. Saioak aurrera joan ahala, bizi ditugun esperientzia desberdinekin etengabe ari gara ikasten eta hobetzen.
Zer eskatuko zenioke ETBri aurrerantzean?
Lantaldean konfiantza eduki dezaten. Iruditzen zait jende oso ona dagoela: gazteak eta helduak, ideia oso onak dituztenak, telebistatik kanpo oso pertsona sortzaileak eta ekintzaileak direnak, eta zentzu horretan, egiten uzten badigute, uste dut gauza oso politak atera daitezkeela.