Zarauzko Zikloturista Elkarteak aste honetan ireki dute 2020rako bazkidetza eta lizentziak berritzeko edota berriak eskatzeko epea. Interesatuek Ciclos Eizagirre, Ciclos Ibaiondo eta 2Gurpil Bizikletak dendetan eskuragarri dauden inskripzioa orriak bete behar dituzte.
Txirrindularitza gustuko dutenei izena ematera animatu nahi ditu elkarteak: "Federatua egotea garrantzitsua dela uste dugu; batez ere, istripu baten aurrean seguru baten babesa edukitzeko". Emakumeen parte hartzea ere bultzatu nahi dute, euskal errepideetan bizikletaz geroz eta emakume gehiago ikusten den arren, oraindik gutxi direlako.
Bestetik, aditzera eman dute martxotik irailera, igandero, bizikleta irteerak egiten dituztela Gipuzkoako herri ezberdinetara. Ibilbide horiez gain, Pirinioetara, Nafarroa edota Errioxa aldera ere irteera bereziak antolatzen dituzte. Irailean, Zarauzko Udalarekin batera, herriko haurrentzako Txirrindulari Txikien Eguna antolatzen dute, Mugikortasun Astearen barruan.
Bestalde, Haimar Zubeldia Klasikoa zikloturista probarekin jarraitzen dute buru-belarri, eta hurrengoa 2020ko maiatzaren 31an antolatuko dute. Elkarteko txirrindulariez gain, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako 650 zikloturisten parte hartzea espero dute datorren edizioan, non izena www.kirolprobak.com atarian eman ahal izango den urte hasieratik aurrera.