Liderraren etorrerak ikusmina piztu du Zarautzen, eta Aritzbatalde kiroldegiko harmailak jendez bete dira, aldez aurretik oso erakargarria eta lehiatua zirudien norgehiagoka ikusteko.
Eta horrelaxe izan da, saskibaloi-partidu estua eta oso lehiatua, ikusgarria. Zarauzko taldeak ia partidu osoan asmatu du jokalarien altuera-zentimetroetan duen gutxiagotasuna berdintzen. Talde-defentsa bikain batez, hiru puntuko aldeaz aurretik amaitu du markagailuan partiduaren erdira iristean, baina defentsako faltak pilatu behar izan ditu.
Partiduaren bigarren zatian, berriz, Easok gailendu egin du bere nagusitasun fisikoa, eta arian-arian, aldetxo bat lortu du markagailuan. Hirugarren laurdenean hautsi da partidua, hamar puntuko aldea atera baitio Easok laurden horretan etxeko taldeari. Ulaciak ezin izan du Asier Azpeitia hegaleko donostiarra gelditu, eta min handia egin du bere barneraketekin; jokalari horrek, guztira, hogeita sei puntu, hamaika errebote, eta 39 kredituko balorazioa pilatu du.
Erreboteak izan dira partiduko beste gakoetako bat, Ulaciak baino 21 errebote gehiago hartu baititu, guztira, ligako liderrak. Horrek, noski, jaurtiketetan asmatzera behartu du Ulacia, eta aurrean ligako defentsa onena izanda, neketsua izan zaio barneraketa eta jaurtiketa libratuak topatzea.
Dena den, etxeko taldeak partidu osoan izan du zaletuen babesa eta animoa, ez baitu etsi partiduaren azken segundora arte, eta galdu arren, berriro gozatu ahal izan dugu Zarautzen maila bikaineko saskibaloiaz.
Easoren aurkako partidua galdu ondoren, Ulacia-Zast talde zarauztarra bederatzigarren postuan da EBA ligako AA multzoan, eta tinko jarraitzen du mailari eusteko helburuaren atzetik.