Batzokiko sukaldera sartu, eta Argentinako jakiak topatu. Hogarrera joan, eta Senegalgo jakiak prest. Galeperra elkartean, berriz, Guatemalako zaporeak zain. Atzo herriko elkarte gastronomikoetan aurki zitekeenaren adibide bat baino ez dira. Izan ere, Bertakoak egitasmoak beste urte batez lortu du egunerokoan elkarri jarri ohi dizkiogun mugak hautsi, eta mahaiaren bueltan elkartzea bertan eta atzerrian jaiotakoak.
Bizikidetza eta kultur aniztasuna bultzatzea izaten da Zarauzko Udalaren ekimen honen helburua. Eta, noski, herri bakoitzak ditu bere ohiturak janariari dagokionez, eta kultura gehienetan izaten da garrantzitsua sukaldea. Kanpotarrak hemen integratzeko, eta hemengoek integrazioan laguntzeko bidean, pauso txiki bat gehiago da Bertakoak, eta urtero irudi politak uzten dituena. Hemen, horietako batzuk.
Aurten hamar elkartetan egin da
Guztira hamar elkarte gastronomikok hartu dute parte aurtengo egitasmoan. Bakoitzean herrialde bateko gastronomia hartu dute ardatz. Hau da zerrenda: Alkartasuna elkartean Hondurasko gastronomia; Arrano elkartean Boliviakoa; Batzokian Argentinakoa; Ezkertokian Nikaraguakoa; Francisco de Zurbaran elkartean Senegalgoa; Galeperra elkartean Guatemalakoa; Gure Kabian Euskal Herrikoa; Itxas Mendi elkartean Marokokoa; Iñurritzako Pentsiodunen elkartean Brasilgoa; eta Kayua elkartean Kolonbiakoa.