Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketak badu halako sona berezi bat karta jokoan aritzen diren eskualdeko eta inguruko zaletuen artean. Sona horrek badu bere zergatia: banatzen dituzten sariak aski potoloak dira. Zurekin Zarauzko Ostalari Elkarteak beste urte batez abian jarri du txapelketa, eta iragarri du aurten 9.000 euro banatuko dituztela saritan, iaz baino 1.250 euro gehiago. Kasu honetan, bikote irabazleak 5.000 euro bereganatuko ditu eta txapeldunordeak 1.250 euro; hirugarrenek 500 euro jasoko dituzte, eta laugarrenek, berriz, 250 euro. Halaber, urtero bezala, lehen 40 bikoteentzat egongo dira sariak.
Zurekineko presidente Martin Argiñanok jakinarazi du aurten zarauztarren parte hartzea indartu nahi dutela, eta horretarako, Zarauzko bikote onenaren saria 2.000 eurotara igo dutela. «Ikurriña bikote zarauztar batek irabaziko balu, 7.000 euroko sari ederra eramango luke. Gure inguruan ez dago horrelako sari handirik mus txapelketa batean, eta honekin herrikoak animatu nahi ditugu. Izan ere, azken urteetan beherantz egin du haien parte hartzeak».
Bestalde, aurreko urteetan bezalaxe, sari berezia egongo da lehenengo sailkatzen den emakumearentzat.
Izena emateko epea
Urtarrilaren 14an abiatuko dute Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketa ondorengo zortzi taberna edota jatetxeetan: Euskalduna, Iruña, Itsaski, Itxas-Lur, Karlos Arguiñano, Tivoli, Txiki Polit eta Xoxoa. Izen-emate epea zabalik dago jada, eta bikoteek aipatu establezimenduetan egin dezakete inskripzioa, 80 euro ordainduta. Horretarako azken eguna urtarrilaren 12a izango da.
Berrikuntza gisa, aurten astean behin bakarrik jokatuko dituzte partidak, 20:45etik aurrera. Ondorioz, txapelketaren finala ohi baino beranduago jokatuko da. Antolatzaileek aurreikusten dute apirila bukaeran edo maiatzaren hasieran izango dela, baina oraindik erabakitzeko dute egun zehatza eta tokia bera ere.
Finala jokatzen den egunean, afari legea egiteko asmoa dute, eta, ondoren, beti bezala, mus azkarreko txapelketa. Txapelketaren sari banaketa ekitaldia ere egun horretan bertan egingo dute, eta bikoteek bertan egon beharko dute dagokien saria jasotzeko. Zurekinek herrikoak eta ingurukoak gonbidatu ditu egitasmoan parte hartzera.