2019ko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo, asteazkena, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Kursaal jauregian egin zuten ekitaldian. Guztira, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 25 enpresek eta erakundek jaso zuen ziurtagiria, horien artean Zarauzko Arazi IKT enpresak. Urrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du, hau da, goi mailakoa.
Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da, publikoa eta doakoa, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 393 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira 75.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek. Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, aurrez ebaluazio bat gainditu behar izaten da. Besteak beste, komunikazioa, irudi korporatiboa eta kanpo eta barne harremanak zein hizkuntzatan egiten dituzten aztertzen dute.