Erdi Aroko Azokarako egindako aldaketak aprobetxatuz, udalak Gipuzkoa kaleko 14 zenbakiaren parean ezarri du berriro ere taxi geltokia. Toki aldaketa hori taxisten eskakizuna izan dela adierazi dute udaletik, "orain arteko kokalekuan eskola jarduerekin eta zamalanekin arazoak zituztelako sarritan".
Mugikortasun zinegotzi Iker Basurkok adierazi du aldaketa horrekin taxisten eskaerak betetzeaz gain, "datozen urteetan San Frantzisko kalea oinezkotzeko egingo diren obrek ekarriko dituzten kokapen aldaketei ere aurre hartuko diegu".
Bestalde, udala taxistekin elkartu da duela gutxi, eta Basurkok dio harremana ona dela: "Zerbitzua hobetzen jarraitu nahi dugu elkarrekin, bai Zarautzen bai eskualde mailan, eta horretarako lanean gabiltza”.