Pertsona Errefuxiatuen Aldeko Gabonetako III. Azoka antolatzeko lanetan dabil Hotz-Zarautz erakundea, eta azaroaren 28tik abenduaren 13a bitartean material bilduko du. Beraz, herritarrek etxean gordeta dituzten gauza erabilgarriak eta besteentzako erakargarriak izan daitezkeenak hartzeko prest daude: altzari txikiak eta apaingarriak, ontziteria eta beirateria, oherako eta mahairako oihalak, objektu bitxiak, margolanak, lanparak, osagarriak eta abar. Antolatzaileek azpimarratu dute ez dutela libururik onartuko, eta emandako objektuak egoera onean egon beharko dutela.
Lokalari dagokionez, aurten ez dira azken bi urtetako toki berean izango: Mazako lokala egun Turismo Bulegoa baita. Beraz, material biltzeko tokia Ipar kaleko txoko batean egingo dute, Lukas ardotegiaren aldamenean, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.