Euriak ez du elkartasuna gelditzerik izan

Zarauzko hitza 2019ko azaroaren 23a

Jarduerak Putzuzulora lekualdatu badituzte ere, aurrera doa Elkartasun Eguna. Ekaitz Sirvent preso politiko zarauztarra gogoan, elkartasunez bete dute gaztetxea, eguerditik hasita. Hala, Sirventi maitasun keinua helarazteko parada ere izan dute bertaratutakoek.

"Euskal preso politikoen auzian lanean aritu direnak" erdigunera eramatea xede, aurten bigarrenez prestatu dute Elkartasun Eguna Zarautzen. Antolatzaileek elkartasuna ardatz hartuta lanean jardun dutenen "topagune" bilakatu nahi zuten Alde Zaharra, baina ez dute eguraldia lagun izan. Hala, Putzuzulo gaztetxera mugitu dute egitarau osoa, eta eguerditik aurrera, bertan elkartu dira dozenaka eta dozenaka lagun.

Bazkal aurretik, Ekaitz Sirvent preso politiko zarauztarrari elkartasuna adierazteko tartea izan da. Talde argazkia atera dute Putzuzulon batu diren belaunaldi desberdinetako kideek, eta dei egin dute Bilbon (Bizkaia) urtarrilaren 11n egingo den manifestaziora, Atera Bidera. Presoak etxera lemapean. Maitasun keinua irudi batean jaso ostean, bazkaltzeari ekin diote.

Bertso musikatuak eta Andoni Ollokiegiren emanaldia izango dira bazkaldu ondoren, eta gauean, DJ Manuela Ahizpek Arrano taberna girotuko dute.

Kilometro gutxira ere, Orion, aldarriz bete dute kalea, Dispertsioff ekimenaren bidez. Aurten, Xua Gurasoekin Etxera plataformak hasitako borroka izan dute helduleku nagusi.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide