Orain arte iriste hurrenkeraren arabera erabakitzen ziren Dortoka, Karramarro eta haurtxoen mailetan ikastaroa errepikatuko zuten haurrak. Sistema aldatu egin dute eta, orain, zozketa bidez erabakiko dira maila horietako ikasle berriak zein ikastaroa errepikatuko dutenak. Udaletik jakinarazi dutenez, orain arteko sistemak gurasoei "izugarrizko eragozpenak" sortzen zizkielako aldatu dute erabakiak hartzeko modua.
"Sistema berriarekin gurasoek ez dute goizean goiz joan beharko kiroldegira, ilaran beraien txanda itxarotera. Urteetako esperientzia aztertuta, sistema orekatuena dela uste dugu", azaldu du Leire Arana Kirol zinegotziak.
Bigarren eta hirugarren hiruhilekoan bi izen emate epe izango dira ikastaro horietan, eta bi zozketa egingo dituzte. Bigarren hiruhilekoan (urtarrila, otsaila eta martxoa) izena eman nahi dutenentzat ondorengoak dira datak: abenduaren 2tik 14ra bitartean ikasle berriek eman beharko dute izena eta zozketa abenduaren 16an egingo dute. Abenduaren 19tik 24ra bitartean ikastaroa errepikatu nahi dutenek eman beharko dute izena eta zozketa abenduaren 27an egingo dute.
Ohi bezala, izen ematea Aritzbatalde kiroldegiko harreran egin beharko da eta udaletik gogorarazi dute abenduaren 24a jai egun bezpera denez, ordutegi berezia izango dutela kiroldegiko langileek: 09:00etatik 13:00etara. Zozketen emaitzen zerrendak zozketaren egunean bertan publikatuko dituzte udaleko webgunean eta Aritzbatalde kiroldegiko tabloian.