Izena eman daiteke Gabonetako erakusleiho lehiaketan

Zarauzko Hitza 2019ko azaroaren 23a

Optika Zarautz izan zen aurreko urteko irabazlea. (Amaia Urbieta Arruti)

Parte hartuko duten erakusleihoek abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra bitartean egon beharko dute apainduta. Epaimahaiak abenduaren 18an jakinaraziko du bere erabakia.

Establezimendu komertzialei zuzendutako erakusleiho lehiaketa antolatzen du Gabonetan udaleko Turismo Sailak, Murkil Dendarien Elkartearekin elkarlanean. Aurten, 37. aldiz antolatu dute lehiaketa.

Parte hartu nahi duten establezimenduek Turismo Bulegoan bertan edo 943-83 09 90 telefono zenbakira deituta eman beharko dute izena abenduaren 9a baino lehen. Izena eman ondoren, erakusleihoan jarri beharreko txartela Turismo Bulegoan jaso beharko da. Abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra bitartean apainduta egon beharko dute parte hartuko duten erakusleihoek, eta epaimahaiak bere erabakia abenduaren 18an jakinaraziko du.

Ondoko irizpideak izango ditu kontuan epaimahaiak, saria ematerakoan: erakustokiaren aurkezpena, salgai dauden artikuluen erakusketaren erakargarritasuna eta apainketaren originaltasuna. Erakusleiho onenari garaikurra eta 600 euroko saria emango dizkiote eta, bigarren sarituari 300 euro. Horiez gain, epaimahaiak aipamen bereziak egiteko aukera izango du.

Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak adierazi duenez, herriari "kolore bikaina" ematen diete Gabonetako erakusleihoek. "Herriko merkataritza bultzatzen jarraitu behar dugu. Gabonetan ere herritarrak eta bisitariak erosketak bertan egitera gonbidatzen ditugu", azaldu du Larrañagak.

Informazio gehiago eskuragarri egongo da Turismo Bulegoan edo 943-83 09 90 telefono zenbakira deituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide