Zumaiako Udalak jakinarazi ditu dagoeneko 32. Julene Azpeitia lehiaketako saridunak, eta Maite Arruti Arakistaini egokitu diote 1.500 euroko bigarren saria, Toxikoa lanagatik. Zarauztarraren narrazioak harremanen inguruan hitz egiten du, psikologiatik asko du, ispilu lanak egiten ditu eta “oso ondo landutako jokoa” erakusten du, epaimahaiaren arabera. Estiloa eta tonua oso finak direla nabarmendu dute, eta tentsioa mantentzeaz gain, jakin-mina pizten duela ere bai: “Hasieratik bukaeraraino erakargarria da”.
Guztira, 60 lan aurkeztu dira aurten lehiaketara, inoiz baino gehiago, eta lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Nerea Arrien Elordik eskuratu du, Kaxarranka ipuinari esker; Zumaiako onenaren saria, berriz Nerea Eizagirre Telleriarentzat izan da, Zuri lanagatik. Azaroaren 28an, ostegunarekin, egingo dute sari banaketa ekitaldia, Euskararen Astearen barruan. Alondegiko Oxford aretoan izango da, 19:00etan hasita.