Herriko musikariek bat eginik eskainiko dute kontzertua Xexili egunean

Zarauzko Hitza 2019ko azaroaren 18a

Batera ospatuko dute musikarien eguna Zarauzko hainbat taldek. Aritzbatalde kiroldegian eskainiko dute kontzertua herriko abesbatzek, txistulariek eta musika bandak.

Datorren ostiralean, Santa Xexili eguna ospatzeko, herriko hainbat taldek batera kontzertua eskainiko dute Aritzbatalde kiroldegian. Ondorengo taldeak entzuteko aukera izango da bertan: Zarautz Abesbatza, Zarautz-Txiki Abesbatza, Txinpirin Abesbatza, Schola Cantorum Parrokiako korua, Montetxio Abesbatza, Zarauzko Musika Banda eta herriko txistulari eta atabal joleak. Guztira, 200 musikari inguru igoko dira oholtzara.

Ekitaldiak bi zati izango ditu. Lehenengoan abesbatzak igoko dira banaka oholtzara, txistulariek pieza bat joko dute eta azken pieza bat eskainiko dute txistulariek eta abesbatzek elkarrekin. Bigarren zatian, Zarauzko Musika Bandak pieza bat joko du eta jarraian abesbatzak bandarekin batera ariko dira.

Emanaldia 20:30ean hasiko da, eta sarrera doan izango bada ere, ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbidapen txartela jasotzea. Turismo Bulegoan eta Sanz Enea Kultur Etxean banatuko dituzte txartelak, asteazkenetik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide