Atzo aurkeztu zuten Etxezabala aretoan Daniel Txopitea artistaren omenez ematen den sorkuntza bekaren aurtengo proiektu sariduna. Xare Alvarez Berakoetxeak eta Karlos Martinez Bordoyk elkarlanean prestatutako aurreproiektuari eman diote beka. Arte grafiko garaikidearekin egiten du lan besteak beste Martinez Bordoyk, eta Alvarez Berakoetxeak ere arte bisualen hainbat obra egin ditu.
Eraiste prozesuan den Salberdin industrialdea abiapuntutzat hartuz, espazioak ematen dizkieten aukerak ikertu eta baliatuko dituzte bien lanak bertan txertatzeko eta hiru elementuren (artista bakoitzaren lana eta espazioa) arteko «elkarrizketa bat» sortzeko asmoarekin.
Aurreproiektua aurkeztu zuten deialdira, eta epaimahaiko kideak oso gustura agertu dira bikotearen proposamenarekin. Azaroan ekingo diote hurrengo faseari, eta datozen hilabeteetan fase desberdinetan banatuko den egonaldi artistikoa egiten ariko dira bi artistak. Bekari esker 3.000 euro jasoko dituzte proiektua garatu ahal izateko.
Ezohiko baldintzak
Martinez Bordoyk garbi utzi du oraindik ezin dutela jakin lanaren azken emaitza zein izango den zehazki, esperimentaziotik abiatutako proiektu bat dutelako esku artean. Dena den, egindako lana euskarri digitalen bidez nolabait erakustea da asmoa. Kasu honetan, testuinguru industrial batean egingo dute lan, eta hurrengo fasean «espazioan kontzeptualki eta formalki topatzen dituzten indarguneak aktibatzea» da asmoa, Martinez Bordoyren arabera. Sortze fasearekin, berriz, 2020ko urtarrilean hasiko dira, eta horren atzetik etorriko da ondorioen eta itxieren fasea.
SLBRDN izena jarri diote proiektuari, Martinez Bordoyk azaldu duenez, horrekin irudikatu nahi dutelako industrialdearen bokalak «erori» egin direla, baina espazioak hor jarraitzen duela oraindik.
Salberdin zen baldintza
Ez dute kasualitatez aukeratu Salberdin ingurua abiapuntutzat Martinezek eta Alvarezek. Aurtengo bekaren deialdian proiektua aurkezteko baldintzetako bat zen gune horretan oinarritutako proposamen bat lantzea. Fernando Llopis udaleko kultura teknikariak azaldu duenez, «desagertuko den gune industrialari zor zaion garrantzia» aitortu nahi izan du Zarauzko Udalak.
Abiapuntu horrek baldintza berezietan lan egitea eskatuko die artistei; izan ere, eraiste bidean dagoen gunea izanik, etengabe aldatzen ari da ingurua, denbora gutxian. «Askotan pentsatzen dugu artea denboran egonkorturik geratzen dela, baina ez da hala. Aurreproiektuan lanean ari ginenean eta orain Salberdinen dagoena ez da berdina, esaterako», azaldu du Martinez Bordoyk.
Baldintza berezi horiekin «jolastu» egin nahi dute sortzaileek, izan ere, Alvarez Berakoetxearen esanetan topatu dituzten parametroak «interesgarriak» iruditu zitzaizkien formalki zein historikoki, «espazioak duen memoria» kontuan hartuz. Salberdinen hainbat elementu eta hutsune interesgarri daudela uste dute bekaren irabazleek, eta oraindik beraien proiektua zehazki zein gunetan kokatuko duten ez badakite ere, udala kudeaketa lanak egiten ari da Mesill enpresa zenaren eraikin hutsa horretarako erabili ahal izateko.
Artisten egonaldi prozesuak aurrera egin ahala joango da proiektua forma hartzen eta izaera zehazten. Hain zuzen ere, Martinez Bordoyk agerraldian aipatu bezala, «artistek obraren bidez hitz egiten dute eta ez hainbeste hitzen bidez».