Lehian murgilduta dabiltza ZKE halterofiliakoak. Atzo, ostirala, etxean jokatu zuten Liga Nazionaleko laugarren jardunaldia, Aritzabatalden taldeak duen aretoan. 1158.93 puntu lortu zituzten, eta beste herrietako emaitzen zain dauden arren, lehen mailan mantentzeko nahikoa izango dela uste dute.
Jardunaldiarekin batera, Danel Lopezek gidatzen dituen 13 urtez azpiko eta 15 urtez azpiko taldeen txapelketa eta Master taldearen txapelketa ere egin ziren. Baita taldeak aurkeztu ere.
Halterofilia sailekoek adierazi dutenez, 13 urtez azpikoen "teknika erakustaldi bikaina" egin zuten Jakesek eta Erikek: "Beraien lehen agerraldian, entrenamenduetan ikasitakoa ondo baino hobeto erakutsi zuten bai abiadan, baita kargatze/altxatzean ere".
15 urtez azpiko txapelketan, berriz, Harkaitzek 46 kilo jaso zituen, Xubanek 60, Romeok 60, eta Urkok 39. Danel entrenatzialearen esanetan, "esperientzia hartzeko balio digun txapelketa da. Abiada eta kargatze-altxatze mugimendu teknikoak ahal dugun ondoen egin, etorkizunean pisua sartzen joateko."
Azkenik, Master taldean, Jaizkik 185 kilo, Borjak 180 kilo eta Jonek 190 kilo jaso zituzten hurrenez hurren. Epaile lanetan Ibon, Juan, Enrike, Jose Manuel eta Danel aritu ziren.
Neskei deialdia
ZKEren halterofilia sailak deialdia egin nahi die neskei, 17 urtez azpiko, 15 urtez azpiko eta 13 urtez azpiko taldeak osatzeko. Egun Nahia eta Nora ari dira Danel Lopezen gidaritzapean entrenatzen, astearte eta ostiraletan 17:00etatik 18:00etara Aritzbataldeko Halterofilia Aretoan.
Neskaren batek interesik balu, entrenamendu egunetan bertatik pasa daiteke, edo info@zkehalterofilia.com helbidera mezua idatzi.