Klima aldaketa izango da 40. Natur Asteko protagonista

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 17a, 09:00

Urriaren 21etik 27rako prestatu du Arkamurkak urteroko hitzordua, hainbat hitzaldi eta erakusketarekin. Aurten, ordea, elkartearen historia laburbiltzen duen dokumentala ere erakutsiko dute, 50. urtemugaren harira.

Astelehenean, hilak 21, hasiko da Arkamurka natur taldeak antolatzen duen natur astea. Aurtengoa 40. aldia izango da, eta ohi bezala, hitzaldiak eta erakusketak izango dira nagusi.

Klima aldaketa jorratuko dute saio askotan, baina egongo da ekitaldi berezirik ere. Izan ere, 50 urte bete ditu aurten herriko natur taldeak, eta horregatik, dokumental bat osatu dute elkartearen historia laburbilduz.

Modelo aretoan erakutsiko dute ikus-entzunezko hori, astearte iluntzean.

Egitaraua

 

Hitzaldiak

  • Urriak 21, astelehena. Onddoak biodibertsitatearen giltzarri, Joxepo Teresen eskutik (Arkamurkako eta Aranzadiko kidea). 
  • Urriak 23, asteazkena. Klima aldaketaren eraginak: hondartzak aztertzen. Hizlaria: Iñaki de Santiago (Aztiko ikerlaria).
  • Urriak 24, osteguna. Klima aldaketa eta paisaia begetalaren aldaketa azken 11.000 urteetan. Hizlaria: Maria Jose Iriarte (EHUko historiaurreko lantaldeko ikerlaria). Gaztelaniaz. 

*Hitzaldi guztiak Arkamurkaren egoitzan (Santamarina 22, Zarautz) izango dira, 20:15ean.


Dokumentala

  • Urriak 22, asteartea. Arkamurkak 50 urte. Arkamurka natur taldearen historia jasotzen duen dokumentala. Modelo zineman, 20:00etan.

Erakusketak

  • Urriak 27, igandea. 
    -Perretxiko erakusketa. Kontsulta txokoa eta txoko didaktikoa izango ditu. Merkatu plazako beheko solairuan egingo da.
    -Hegaztien migrazioa eta klima aldaketa erakusketa. Merkatu plazako lehen solairuan egingo da. 


*Erakusketen ordutegia: 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik goizean. Arratsaldean, berriz, 16:30etik 19:30era.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide