Irudietan. Musikak eman dio amaiera 'Itsasotik herrira' jaialdiari

Zarauzko hitza 2019ko urriaren 13a

Musika doinuekin amaitu da bart gauean asteburuan Zarautzen egin den Itsasotik herrira jaialdia. Eskualdeko hiru abesbatzaren topaketa egin da Zarauzko parrokian. Lege Zaharren enparantzan, berriz, DJen saioak izan ziren.

Erakusketak, tailerrak eta makina bat ekitaldi gehiago izan da ostiraletik larunbatera Zarautzen Itsasotik herrira egitasmoaren baitan. Larunbat iluntzean, berriz, musikak hartu zuen protagonismoa. Hala, eskualdeko abesbatzen topaketa egin zen atzo Zarauzko parrokian. Bertan, Zarauzko, Orioko eta Getariako abesbatzen emanaldi labur bana entzuteko aukera izan zen.

Zarautz Abesbatzak eman zion hasiera topaketari. Jaione Eskuderok zuzenduta, lau obra abestu zituzten, eta Aita Donostiaren Herri minezekin amaitu zuten saioa. Jarraian, Igor Arroyok zuzendutako Salatxe Abesbatza oriotarra jarri zen parrokiako aldare aurrean. Sorozabalen eta Sarasolaren obrak abestu zituzten, besteak beste. Topaketa Getariako Salbatore Deuna Abesbatzak amaitu zuen, Ruben Mejutoren zuzendaritzapean. Landazabalen Gora Elkanorekin amaitu zuten emanaldia. 

Entzule ugari gerturako ziren Zarauzko parrokiara, eta txalo zaparradarekin eskertu zuten abesbatza bakoitzaren lana. 

DJak plazako giroa berotzen

Parrokian koroen musika entzuten zen ordu berean, Lege Zaharren enparantzan Bermuda Kolektiboko DJak izan ziren giroa berotzen. Eguraldia lagun, herritar ugari zegoen plazan eta Anwoltek eta Xiarromanek jarritako musikak entzuteko aukera izan zuten. Pop eta house musiken inguruan mugitu zen DJ hauen saioa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide