Aritzbatalde kiroldegiko areto nagusian ikasteko espazio bat egokitu zuten 2017an. Jendearen eskaerari erantzunez eta aurreko urteetan izan duen onarpena ikusita, hirugarren urtez irekiko dute ikasgela: urriaren 14an irekiko ditu ateak, datorren astelehenean. Aurten berrikuntza gisa, ikasturte osoan zabaltzea erabaki dutela jakitera eman du Hezkuntza zinegotzi Irune Urbietak. Orain arte, azterketa garaian bakarrik irekitzen zuten, baina aurten proba gisa urte osoko aukera izango da.
Sanz Enea liburutegiko teknikari Idoia Etxebarriak dio orain arteko ikasgelaren esperientzia «arrakastatsua» izan dela. «Gazteak oso gustura ibili dira hemen. Guk igarri dugu liburutegira baino gehiagotan etorri direla kiroldegira, giro hobean ikasten delako. Beraz, datuak aztertu eta gero, pentsatu genuen egokia izango litzatekela urte guztian irekita mantentzea».
Zinegotziak aurreratu du litekena dela urtean zehar egun edota ordu batzuetan aretoa ikasleentzat itxita egotea, bestelako erabilera batzuengatik. Hala izatekotan, hitzaldi edo ekitaldiren bat balego, erabiltzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaiela. Etxebarriak azpimarratu nahi izan du udalak beste gauza batzuetarako ere erabiliko duela aretoa, «baina normalean beraiek [ikasleek] erabiltzeko izango da».
16-17 urtetik gorako gazteentzat izango da, eta sartzeko nahitaezkoa izango da liburutegiko txartela kiroldegiko harreran erakustea. Gisa horretan, sarrerako langileek kontrolatu ahal izango dute zenbat jende dagoen une oro ikasgelan. Isiltasuna eta jarrera egokia bermatzea ezinestekoa dela nabarmendu dute, gainera. «Orain arte, ezarritako arauak oso ongi errespetatu dituzte, eta aurrerantzean ere ondo aterako dela iruditzen zaigu. Ikasteko giroa baita nagusi aretoan», azaldu du liburutegiko teknikariak.
Ordutegiari dagokionez, Aritzbatalde kiroldegiko berdina izango du ikasgelak ere: astelehenetik ostiralera, 06:15etik 21:30era; larunbatetan, berriz, 08:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era; igandetan, 09:00etatik 13:00etara. Azterketa garaietan, aurreko aldietan egin duten bezala, igande arratsaldetan ere irekitzeko asmoa dutela aurreratu dute. Kasu horietan ere aldez aurretik jakinaraziko dute.
Toki gehiago, pentsatuz
Momentuz, 50 lagunentzako tokia du ikasgelak, baina udaletik ikusi dute azterketa garaietan egon direla egun batzuk aretoa guztiz bete dena, eta hainbat lagun sartu ezinik geratu dena. Hori dela eta, «ari gara pentsatzen, erabileraren arabera, mahai gehiago jartzea eta jende gehiagori aukera ematea. Baina, oraingoz behintzat, 50 lagunentzat egongo da tokia».