Babeslea: Koba Interiorismo

Lekuko aldaketa, poetikoa eta hunkigarria

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 6a, 12:13

Amasa-Villabonako Zubimusu ikastolak hartu dio lekukoa Salbatore Mitxelena Ikastolari, ekitaldi xume eta polit batean. Poesiak, musikak, dantzak eta haurrek izan dute protagonismo berezia, eta hunkitu egin da bat baino gehiago.

Ikastolako langile Aitor Amilibia gitarrarekin, eta Ikastolako guraso Nahikari Gabilondo, poesia errezitatuz. Horrela hasi da lekuko aldaketa, jendez betetako aretoan. Hori izan da ekitaldiko momentu politikoena. Euskal Herrian errotutako hezkuntza-proiektu euskalduna aldarrikatu du, izan ere: "Onar dezagun behingoz ez dugula zertan lotsatu; ez dugula zertan azalpenik eman eta barkamenik eskatu. Onar dezagun, harro, Euskal Herri osoa eta gure nortasuna aldarrikatzen dituen euskal hezkuntza-eredu bakarra garela".

Jalgi dantza taldeko zazpi dantzari atera dira ondoren oholtzara, zazpi lurraldeak irudikatu eta aldarrikatzera. Eskutik helduta ekarri dituzte Zarauzko Ikastolako haurrak lekukoarekin, eta horiek Villabona-Amasa eta Zizurkilgo haurrei pasa diete egurrezko testigua. Txalo zaparradaz egin da lekuko aldaketa.

Ikastola horretako lehendakariak, Mikel Ugartek, hartu du hitza ondoren. Bertso bat osatuz aldarrikatu du ikastolen beharra, eta dei egin du euskara eta euskal kultura zabaltzera.

Amaitzeko, berriz atera dira Gabilondo eta Amilibia, eta Izarren hautsa abestiaren doinuarekin, hunkituta utzi dute ikusle bat baino gehiago. Bukaeran, dena den, mezu positiboa, festa girokoa: "Hasi saltoka, hasi barrezka!/ Gogotik goza dezagun festa/ Oihukatuz Ni, Hi, Hura.../ Gure ikastolak mundura!".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide