Urtero bezala, Kilometroen antolatzaileek hainbat ohar helarazi dituzte igandeko jaiari begira. Horietan garrantzitsuenetakoa da ibilbideko gune guztietan egongo dela Puntu Morea, norbaitek erasoren bat salatu nahi badu, babesa jasotzeko eta pro- tokoloa martxan jartzeko.
Beste ohar nagusia, berriz, garraiobide publikoei eta aparkale- kuei buruzkoa da. Izan ere, Euskotrenek zerbitzuak indartuko ditu egun horretan, eta herrian aparkaleku gune zehatzak egongo dira autoz bertaratzen direnentzat.
PUNTU MOREAK
Kilometroetako hiru guneetan kokatuko dituzte Puntu Moreak, eta bertara jo dezake erasoren bat jasan duenak edo erasoren bat ikusi duenak. Hala, martxan jarriko dute erasoen kontrako protokoloa, beste eragileekin koordinatzeko. Horrez gain, gune horietan eskuragarri egongo dira feminismoari buruzko eta eraso sexistak prebenitzeari bu- ruzko informazioak. Bestetik, Mollarrin, LGTBI kolektiboaren aldeko Aldarte elkarteak postu bat jarriko du Puntu Morearen alboan.
GARRAIO PUBLIKOA
Ohi bezala, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute Kilome-troen antolatzaileek. Tren zerbitzuari dagokionez, horiek 15 minutuero egongo dira, bai Donostia-Bilbo noranzkoan, bai Bilbo-Donostia noranzkoan. Zentzu horretan, ohar garrantzitsua eman dute: Donostiatik datozen trenak San Pelaioko geltokian bakarrik geldituko dira, eta berriz Donostiarantz joango dira. Bilbo aldetik datozen trenek, berriz, herriguneko geltokian bakarrik egingo dute geldialdia, eta berriz Bilbo aldera aterako dira.
Lurraldebusi dagokienez, ohiko autobus zerbitzuak izango dira igandean. Hau da, ez dute linearik indartuko Gipuzkoako ikastolen festaren harira. Hala jakinarazi dio egunkari honi erakunde horretako komunikazio zerbitzuak. Ondorioz, eskualdean zumaiarrek, getariarrek eta oriotarrek izango dute autobus gehien; gutxien, azkoitiarrek, az- peitiarrek eta zestoarrek, zuzeneko zerbitzuari dagokionez, behintzat (Azkoitia-Zarautz).
APARKALEKUAK
Herrian hainbat aparkaleku gune egongo da erabilgarri igandean. Autobus berezientzat, esaterako, Asti futbol zelaiko aparkalekua aukeratu dute. Ibilgailu pribatuei dagokienez, Meaga nahiz Getariatik datozen autoak zuzenean Abendañoko aparkalekura bideratuko dira; eta Oriotik nahiz autobidetik iristen diren autoak, berriz, Eroskiko aparkalekura eta inguruko industrialdera. Aparkaleku horiek betetzen badira, Salberdingo aparkalekura bideratuko dituzte autoak. Azkenik, aparkaleku hori ere betez gero, Abendañon aparkatu beharko dute ibilgailuek.
Oinez ibiltzeko arazoak dituztenentzat aparkalekua San Pelaion egongo da, ibilbidetik oso gertu. Zehazki esateko, Garden izenez ezagutzen den eremuan.Gainera, DYAk lagundu egingo die beharra duten pertsonei Mollarriko gunera iristen, Kilometroen ibilbideko bigarren gunera, hain zuzen.
HERRIKO ZIRKULAZIOA
Kilometroek eragingo diote herri barruko zirkulazioari ere. Aldaketa nabarmenena, egun horretan 08:00etatik 20:00etara itxita egongo dela Nafarroa hiribidea (hau da, errepide nagusia) San Pelaioko biribilgunetik hasi eta parrokia pareraino. Zerbitzu publikoko ibilgailuek bakarrik igaro ahal izango dute. Lineako autobusen geltokiei dagokienez, horietako bakarra aldatuko dute: San Pelaion, biribilgunekoa. Erabiltzaileek autobide sarreratik gertuen dagoen biribilgunean hartu beharko dute autobusa, trenbidearen zubi azpian.
PREBENTZIO IBILTARIA
Adin txikikoen alkohol kontsumoa saihesteko hainbat neurri hartu dituzte. Hala nola, formakuntza saioak batzordeetako kideentzat edo material didaktikoa. Egunean bertan ere prebentzio ibiltaria ibiliko da ibilbidean eta guneetan. Gaztetxoei zuzendutako ekitaldi bereziak ere egongo dira, hala nola, erronka: aurten 21 ikastetxetako ikasleek hartuko dute parte.
PINTXO ETA BAZKARIAK
Gune guztietan aukera izango da txosnako pintxo eta ogitartekoak jateko, eta bazkaltzeko bi aukera egongo dira: batetik, jangela zerbitzua Antoniano kiroldegian, eta bestetik, Izeta sagardotegiak eskainitako menua Ikastolan. Aurrenekoak 15 euro balioko du (8 euro haurrentzat). Bigarrenak, berriz, 35 euro.
Edalontziak berrerabilgarriak izango dira, eta ez da plastikozko botilarik ez salduko. Horren or- dez, iturriko ura eskainiko dute.