Urte osoko lan luzearen ostean, azken ukituak baino ez dira falta Zarautz prest egon dadin Kilometroak festa erraldoia hartzeko. Azpiegituren lan taldekoak eta bestelako langileak buru-belarri dabiltza lanean egunotan, hiru guneak, zirkuitua eta bestelako zerbitzuak atontzen eta antolatzen.
Gune guztietan izango dira txosnak eta oholtzak, baita beste hainbat postu ere. Ikastolako gunean (Hi gunea) izango dira hitzordu nagusienak, esaterako, lekuko aldaketaren ekitaldia eta hasierakoa bertan izango dira. Azken horren ondoren zabalduko dute Kilometroetako zirkuitua, 10:00etan.
Euskararen alde busti
Eguraldi iragarpenak une oro begiratzen dihardute batek baino gehiagok azken egunetan, izan ere, aurreikuspenen arabera zaparradaren bat edo beste jausiko da igandean zehar.
Eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko deia egin dute antolakuntzatik, eta nabarmendu dute ez dela inor festaz gozatu gabe geratuko eguraldiagatik. Zirkuitua izango duen azken Kilometroak izango dela ere gogorarazi dute, beraz, herritarrentzat 43 urteko historia duen Kilometroetako ibilbidea egiteko azken aukera izango da igandekoa.
Mamorruekin argazkia
Hitzak ere izango du bere txokoa zirkuituan. Hain zuzen, 12:00etatik 14:30era malekoiko gunean photocall-a egongo da, eta bertatik igarotzen den orok, Hitzaren inguruko informazioa eta materiala jasotzeaz gain, aukera izango du Ni, Hi eta Hura mamorruekin argazkia ateratzeko. Ateratako argazki guztiak ikusgai egongo dira egun osoan zehar zarauzkohitza.eus atarian.