Tip-tipi-tap! Ibil-ibilian, Euskaraz Euskal Herrian! 1987ko Kilometroetarako argitara emandako kasetearen kopia, CD batean ekarri du hitzordura Joxean Urbietak (Zarautz, 1962) , eta horrekin batera, zintarekin kaleratu zuten kantuen liburuxka. Joxeanen aita Manolo Urbieta musikari handia ibili zen proiektuaren atzean, eta berea izan zen garaiko abestia: Oihu bat entzun da. Kantuak ibilbide polita izan du, bere letra profezia bailitzan bilakatuz: Euskara, oi Euskara! Jalgi hadi plazara! Gaurdanik eta betiko, Euskaraz eta kitto!
Belaunaldi gazteagokoek agian ez dute jakingo, baina Oihu bat entzun da abestia zuen aitak, Manolo Urbietak, sortu zuen propio 87ko Kilometroetarako.
Urtero abesti bat egiten da, eta urte hartan jaia Zarautzen izanik, gure aitari eskatu zioten abestia sortzeko, eta halaxe atera zen ideia. Ez sortu bakarrik, grabatu ere guk geuk egin genuen Donostian daukagun estudioan. Behin kasetea ateratzen hasita, abesti bakarrarekin kaleratu beharrean, herriko beste abesti batzuk gehitzea erabaki zuten. Orduan, nire aita lanean hasi zen, eta Basarriren Ene Zarautz maite, Zarauzko Ikastolan kantatzen ziren hainbat abesti, Herriko jatorrak eta gisa horretako hamazazpi abesti bildu zituen. Grabazioan hainbat zarauztarrek parte hartu zuten: Eliasek, Belatxek, Legazpik, Silbanek, Oleskariak abesbatzak eta herriko hainbat lagunek eta musikarik; tartean, Jaione Eskuderok, baita Ikastolako eta Orokietako ikasleek ere. Horiez gain, Zarauzko pailazoak –horien artean ni neu– ere izan ziren, eta haiek eramaten zuten abesti eta abesti arteko haria hizketaldi txiki batzuekin.
Kuriosoa da, adibidez, Oihu bat entzun da abestiak izan duen bilakaera. Kilometroekin izan zuen lotura galdu du nolabait, izaera herrikoia hartuz, eta Euskararen Eguneko ereserki bilakatu da.
Bai, hala da. Kanta egin zen ekitaldi eta urte hartarako, eta egia da bilakaera hori izan duela. Azken finean, abestiaren hitzak euskara goraipatzen du. Adibidez, Behin betiko gure aitaren beste abesti bat da, eta hori erabili zuten 88ko Araba Euskarazen, baina ez lelo bezala. Han ere disko bat egin zuten, eta bertan sartu zuten kanta, baina abesti nagusia beste bat izan zen. Kontua da Behin betiko gustatu egin zela. Gero, 1998an Bai Euskarariren kanpainaren barruan erabili zen, eta egun Euskal Herri osoan ezagutzen da. Eta Oihu bat entzun da abestia ez dakit gaur egun Ikastolan-edo kantatzen duten, baina garai hartan ikasi zutenek kantatzen dute. Guk kalean abesten dugunean, jendea oroitzen da. Agian, ez da gogoratuko letraz, baina etortzen zaio abestia.
Ez al da bitxia zertarako sortu zen askok ez jakitea?
Zarauztik kanpo ez dakite Kilometroetako kanta denik; harritu egiten dira. Ez dakit hainbeste kantaturiko beste kanturik egongo den! Agian, egongo da; adibidez, Bergarako Kilometroetan kantatzen zena bergararrek jakingo dute. Eta honik gauza bera: Zarautzen kantatzen da, baina Zarauztik kanpo bada, ez dakit.
Gogoan al duzu aitak nola sortu zuen abestia?
Ez naiz gogoratzen. Prozesu guztian zehar ibili nintzen, bileretan eta, “Manolo egin ezak abesti bat!” esaten zioten eta “bai, egingo diat!” erantzuten zuen. Gogoratzen naiz nola sortu zen kasete bat egiteko ideia eta nola ibili ginen abestiak aukeratzen. Azken finean, disko bat egiteko lan asko egin beharra dago, baina oroitzapen oso onak ditut.
Zuk garai hartan pailazo gisa hartu zenuen parte, Kokox, Kakax eta Kirriki hirukoarekin.
Hala da. Kokox, Koldo Carbonell, Ikastolako irakaslea zen, gainera. Gu, orduan, pailazo gisa ibiltzen ginen, eta herriko beste pertsonaia batzuk ginen, herriko txistulariak edo abesbatzak bezala. Aitak egin zuen abesti bat guretzat, eta diskoan sartuta dago. Era berean, haria eramaten dugu, geure arteko solasalditxoekin. Egun halako diskoetan oso ohikoa da.
Zuek ez zenuten diskorik grabatu. Esan daiteke 87ko Kilometroetako kasetea dela erregistratuta duzuen bakarra.
Bai, halaxe da. Gu pailazo lanetan afizioz ibiltzen ginen, ez ofizioz. Bagenituen gure lanak, eta lanetik kanpoko zerbait zen pailazo gisa aritzea. Gabonetan lan asko egiten genuen, oro har opor guztietan, baina abuztuan jai hartzen genuen. Kokoxek Takolorekin ikasi zuen magisteritza, eta haiek [Takolo, Pirritx eta Porrotx] guk egiten genuenaren antzeko zerbait egin nahi zuten umeentzako Lasarten. Hori dela eta, gugana etortzen ziren; adibidez, Usurbilen emanaldia baldin bageneukan, ikustera hurbiltzen ziren. Zerbait nahi zuten egin, eta ikastera etortzen ziren. Haiek bai, haiek ofizio bezala hartu dute pailazo izatea, eta horretan eman dute bizitza osoa. Guretzat, aldiz, afizioa zen, ongi pasatzeko kontu bat.
Eta begira zer kasualitate, Pirritx, Porrotx eta Marimotosek Oihu bat entzun da abestia jaso dute diskoren batean.
Bai, erabiltzen dute beraien pot-pourri batean, baina betiere gure baimenarekin. Lagunak ditugu, eta ez dago inolako arazorik haiekin. Egia da beraien disko batean txertatu dutela, eta agian, orain horregatik ezagutuko dute Euskal Herriko umeek abestia. Baina Kilometroetarako egin zela aipatzen ez denez, jendearentzako abesti bat gehiago izango dela pentsatzen dut.
Kasetean pailazo gisa aritu zineten afizioz, eta gaur egun kalez kale jarduten duzue, orain ere afizioz.
Nire anaia Manuk eta hainbat kidek aspalditik dute lagunarteko giro oso ona, eta kantuan aritzea oso gustuko dute. Beste batzuk, agian, paddle-ean edo fubolean jokatzera joaten diren bezala, horiek asteartero elkartzen dira: kantuan aritzen dira eta gero mokadutxo bat jaten dute. Duela urte batzuk erabaki zuten bazela kalera ateratzeko garaia, ez zelako plana beti ezkutuan aritzea, eta horregatik ni Donostiatik etortzen hasi nintzen entseguetara. Orain dela hiruzpalau urte Iñurritzan atera ginen, Santa Ageda egunez, herrigunetik gertu, batzuei beldurra kentzeko. Harrezkero, Euskal Jai Egunean, Euskararen Egunean, Gabonetan aritu gara, eta tarteka kanpora ere ateratzen gara.
Taldearen izena zaporetsua bada behintzat: Arrai Zopa.
Bada, lehen aldiz elkartu zirenean afaltzeko arrain zopa izan zuten, eta otorduan bertan taldeari izena jarri behar zitzaiola eta, txorakeriak botatzen hasi ziren eta Arrai Zopa izenarekin geratu zen taldea. Kilometro hauetako programan ere jartzen du: Zarauzko Banda, txistulariak eta Arrai Zopa. Eta jendeak ez daki arrain zopa emango duten dastatzeko ala zer, kar-kar-kar!
Egitasmo honetan aitaren lekukotza zabaltzeko beharra sentitzen zenuten, nolabait esateko?
Ez, bereziki. Denetarik abesten dugu, eta, jakina, aitaren kantuak ere bai. Bi alde daude: batetik, kaleko kantak, motzak eta alaiak direnak: eta bestetik, Patxi zuzendariarekin ahotsetara egiten ditugun abestiak, lan gehiago eskatzen dutenak. Kilometroetan, adibidez, kantari aterako gara, eta hitzordurako bereziki kantutegi bat prestatzen ari gara. Izan ere, egun horretan ume asko egongo da kalean, eta ezingo dugu Habanera abestu. Haur kantak ari gara lantzen, eta taldearentzat berria da esperientzia. Txiki txiki txikia, Ran Rober Ran, Jon Braun eta halakoak abestuko ditugu.
Beraz, Kilometroetarako prest?
Bai, noski. Pare bat salbu, taldeko guztiak Ikastolatik igarotakoak gara, eta Kilometroetan abestuz lagundu genezakeela ikusi genuen. Era berean, bestelako laguntza bat behar denez, goizez aparkalekuetan egongo gara petoekin. Gero hasiko gara kantuan; mokadu bat jan, eta gorputzak eusten digun arte jarraituko dugu herria girotzen!