Irudietan: Ekitaldi hunkigarria Txikiren omenez

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 27a, 13:05

44 urte bete dira gaur Francoren erregimenak ETAko kide Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra hil zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urtero bezala, Gudari Egunaren harira, "borrokalari antifaxisten eta erregimen frankistaren biktimen omenez" ekitaldiak antolatu dira han eta hemen, eta Zarauzko hilerrian ere Txikiren oroimenezkoa egin dute eguerdian.

Aurten, gainera, absentzia nabarmen batekin burutu dute Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldia: amak ezin izan du presente egon, osasun arrazoiengatik. Halaxe jakinarazi dute omenaldiarekin hasi aurretik. Ahatzuak 1936-1977 elkarteko kide Martxelo Alvarezek hartu du jarraian hitza, eta, ohi bezala, berak gidatu du saioa. Musikarien laguntzaz, ohiko Soy viento de libertad abestia kantatu dute, eta, ondoren, Txikiren iloba Eider Paredesek Agurra dantzatu du hilobiaren aurrean. Azkenik, Eusko gudariak abestuz eman diote bukaera urteurrenari.

Txikiren familiako kideak, gertukoak eta hainbat herritar elkartu dira hilerrian. Erakunde publikotako ordezkariak ere izan dira: Zarauzko EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-EquoBerdeak udal taldeetako kideak, alegia. Baita Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez, Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakari Joakin Landa, ezker abertzaleko kide Joseba Permach eta militante beterano Arantza Arruti ere, besteak beste.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide