Urriaren 6an Zarautzen ariko da Tik Tara Kilometroen egitarauaren barruan. 16:45ean joko dute Kortazar eremuan, Ikastolako gune nagusian. Taldearen kanta bizienak joko dituztela iragarri du Harkaitz Baztarrika abeslariak.
"TikTara hego-haizeak dakartzan soinuen eta kantauriko kresalaren arteko konbinazioa da". Gisa honetako festa batean gerriak astintzeko ezin aproposagoa, ezta?
Bai, noski! Eta udazkeneko lehen egun hauek musika beroz gozatzeko aukera aparta.
Zarautzen iaz eman zenuten azken kontzertua. Oraindik gogoan izango du batek baino gehiagok...
Bai, 2018ko Euskal Jaietan jo genuen txosnagunean, eta ederra izan zen. Denok euskal jantziak soinean euskal musika tropikala dantzatuz pasatu baikenuen arratsaldea.
Hainbat taldekide bertakoak izanda, berezia izango da zuentzat kontzertu hau, ezta? Ez da ohiko kontzertua ere, gainera: jendetza biltzen duen festa handia, ikastolaren alde, gune nagusiko agertokian...
Beti da berezia Zarautzen jotzea, hemen sortu baikenuen Tik Tara, Munoa azpian, itsasoari begira. Zarautzen egin ditugun emanaldi guztiak ederrak izan dira. Kasu honetan, gainera, etxean eta Kilometroetan jotzeak xarma berezia dauka guretzat.
Zer aurkituko du urriaren 6an Tik Tararen kontzertura gerturatzen denak?
Gure diskoetako kanta bizienak joko ditugu. Sona, cumbia, runba eta munduko hainbat musika estilo entzun ahal izango dira emanaldian.
Ikastolako gune nagusian arituko zarete, 16:45etik aurrera. Festa biribiltzen hasteko aukera ederra izango da zuen kontzertua.
Noski! Gainera, Tik Tararen emanaldia baino lehen, dantza-ikastaro bat egongo da, eta aldakak ondo berotu ondoren aukera aproposa izango du gerturatzen den guztiak gure doinuekin dantzatzeko.
Ez bazenukete Tik Tararen kontzertuan aritu beharko, egitarauko zein beste talde ikustera joango zinatekete, eta zergatik?
Goizean Sonakay ikustera, flamenkoa asko gustatzen baitzaigu. Eguerdian, gure lagunak diren Skasti taldekoak ikustera joango gara. Gure soinu-probak ez badu haien kontzertuarekin bat egiten, joango gara. Eta ordutegiagatik joan ezingo badugu ere, Joseba Irazoki eta Lagunak ikustera, baina azken hau ezinezkoa izango da.