Pat Cowie: "'Brexit'-a gauzatuz gero, pentsiodunok eragin latzak izan ditzakegu"

Zihara Jainaga Larrinaga / Berria 2019ko irailaren 26a

Pat Cowie (Ane Olaizola).

Diasporatik 'brexit'-ari begira erreportajea argitaratu du Berria egunkariak, eta bertan Euskal Herrian bizi diren ingeles eta eskoziar zenbaiten sentipena jaso du brexitaren inguruan. Horien artean, Zarauzko bizilagun Pat Cowie (Portgordon, Eskozia).

Euskal Herritik begiratuta, brexit-a "antzerki bat" dela uste du Pat Cowiek. 32 urte daramatza Gipuzkoan bizitzen; egun, Zarautzen bizi da, eta ingeleseko irakasle izan da hamabost urtez. Eskozia iparraldeko Portgordon herrian jaio zen; 39 urte zituela iritsi zen Euskal Herrira, senarrarekin.

Gehienbat pentsioek arduratzen dute Cowie. «Brexit-a gauzatuz gero, pentsiodunok eragin latzak izan ditzakegu". Brexit-a gauzatuz gero, Europako herrialdeen artean duten akordio hori hautsi eta kolokan geldituko da beraien egoera.Azpimarratu du brexit-ak eragin nabarmena izango duela Erresuma Batuko merkataritzan, industrian, osasun sisteman eta hezkuntza sisteman ere. "Legeak, normak edo tasak aldatzeak herrialdeen arteko akordioak aldatzea ere ekarriko du".

Horrekin lotuta, Erresuma Batuan kanpotik joandako langile asko dagoela ohartarazi du Cowiek: "Are gehiago Eskozian". Egoera berezia da eskoziarrena, bi alde baitituzte. "Ikusi beharko da brexit-a gauzatuz gero Eskoziak bigarren erreferenduma egiteko eskatzen duen", esan du Cowiek. Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan konplexua da egoera, eta, dioenez, "hau hasiera baino ez da izango; gero gai denak eztabaidatu beharko dira parlamentuan".

Bestalde, Cowiek uste du brexit-ak herrialdeko agintarien denbora gehiegi bereganatu duela. «Gai garrantzitsu asko alboratu eta gerorako utzi dituzte». Ez du inoiz planteatu sorterrira itzultzea, baina badaki hurrengo asteetan bere egoera alda litekeela: "Brexit-a aurrera ateraz gero, Espainiako nazionalitatea eskatzea planteatu beharko dut hemen bizitzeko".

Erreportajea osorik irakurtzeko, egin klik hemen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide