Pottors ta Klito: “Ilusio handiz aritu gara prestaketan, eta gogotsu gaude horrelako festa berezian jotzeko!”

Kilometroak.eus 2019ko ira. 24a, 08:30

Pottors ta Klito taldea.

Urriaren 6an Kilometroen egitarauaren baitan emango duten kontzertua prestatzen ari dira Pottors ta Klito taldeko lagunak. Salbuespen bakanak kenduta, gune eta kontzertu autogestionatuetan aritu dira oro har orain arte.

Kilometroak ere, auzolanean antolatua den heinean, jai autogestionatutzat dute, eta ohi baino plaza handiagoan joko duten arren, "beti ere 'zuk zeuk egin' filosofiak duen goxotasunaren babesean" ariko direla nabarmendu dute. Gainera, feminismotik elikatuta abestietan eta oholtza gainean duten jarrera aldarrikatzaileak gaurkotasun betea du. "Amantal arrosa eta urdin asko ikusten da oraindik ere ikastolan!" diote, eta festa eta aldarrikapena musikarekin bilduta zuzenean eskaintzeko gogotsu ari dira lanean.

Hamar urte pasatu dira Pottors ta Klito taldeak talde gisa bere ibilbidea hasi zuenetik. Harrezkero hainbat eta hainbat kontzertu eman dituzue, baina horrelako festa handi batean jo al duzue lehenago?

Gure ingurune naturala, oro har, gune autogestionatuak izan dira. Esan daiteke mugimendu autogestionatuak ahalbidetu duela Pottors ta Klitoren ibilbidea, eta zinez eskertuak gaude! Jo izan dugu jaialdi txikietan, astegun buruzurian biran zebiltzan taldeekin, herriko jaietan, baita asteburu osoko jaialdi autogestionatuetan ere, batez ere Euskal Herrian, baina baita kanpoan ere, Madrilen, kasurako. Salbuespenen bat ere izan da: 2015eko irailean Tabakalerako inaugurazioan jo genuen jende pila baten aurrean; tartean politikariak ere bazeuden, Donostiako alkatea, diputatu nagusia… baina, noski, haiek ez ziren etorri gu ikustera etorri. Egoera “martziano” samarra izan zen, anekdota hutsa! Kilometroak, auzolanean antolatua den heinean, jai autogestionatua da noski; beraz, esan dezakegu jo ohi izan duguna baino plaza handiagoan joko dugula, baina betiere “zuk zeuk egin” filosofiak duen goxotasunaren babesean.

Azkenaldian eman al duzue kontzerturik Zarautzen?

Geldialdi baten ostean, 2017ko abenduan eman genuen azken kontzertua, Zarauzko Putzuzulo amets-fabrikan. Aurrekoa ere bertan eman genuen, 2016ko apirilean. Kontua da azkenaldian ez dugula kontzerturik eman, baina azkenak Zarautzen izan dira, bai. Gure egoera pertsonalak medio, urte eta erdiz edo bi urtez behin kontzertu bat ematen ari gara, hori bai, beti etxean.

Zarauzko taldea izanik, berezia izango da zuentzat kontzertu hau, ezta? Ez da ohiko kontzertua ere, gainera: jendetza biltzen duen festa handia, ikastolaren alde, Desertu Txikian…

Noski berezia dela. Entseatzeko geratzen ginen azkenaldian, baina erritmo lasai batean, presarik eta helburu jakinik gabe, plazer hutsagatik… eta hara! Ikastolako lagunek Kilometroetan jotzea proposatu ziguten. Horrek nolabait zuzenekoa prestatzeko erronka ezarri zigun, baita gure dinamika pixka bat areagotzekoa ere, sarrixeago entseatuz. Ilusio handiz aritu gara prestaketan, eta gogotsu gaude horrelako festa berezian jotzeko! Gainera, sare sozialen bidez berriz ere martxan geundela zabaldu genuenean, kontzertu gehiago egiteko hainbat eskaintza jaso ditugu. Larunbatean, esaterako, Andoaingo gaztetxean jo genuen, Salda Badago topaketa feministen aurkezpen-jaian, Optika taldeko lagunekin.

Hardcorea, punka, reggae, post-punka... Denetik apur bat da pottorsmusika. Urriaren 6an, bereziki zer aurkituko du Pottors ta Klitoren kontzertura gerturatzen denak?

Kilometroen proposamena jaso aurretik abesti berriak sortzea genuen erronka. Gainera, azken urteotan Pottors ta Klito taldeko kideak apur bat aldatu dira, eta, hori dela eta, beste modu batean ekin genion abestiak sortzeari. Baina behin proposamena mahai gainean genuela, lehentasunak aldatu eta zuzenekoa prestatzeari ekin genion: gure betiko abestiak orain taularatuko garen laukotera egokitzea eta haiekin gozatzea izan da helburua, azkenean guk hori bilatzen baitugu, jotzen gozatzea eta hori transmititzea. Beraz, gure betiko abestiak izango dira entzungai, eta akaso sorpresatxoren bat, urriaren 6an, malekoian.

Zuek esana da: "Gure letra asko amorrutik, beharretik, egoera pertsonaletatik sortu dira, bizipenak eta kezkak adierazi nahi izan ditugu, erreferenteei aipamenak egin… Zuzenak dira, ahalduntzen gaituzte gu eta badirudi zenbait entzule ere ahalduntzen dituztela. Pertsonala denak dimentsio kolektiboa eta politikoa hartzen du abestien bidez, horregatik sentitzen dugu Pottors ta Klito ez garela soilik gu laurok, Pottors ta Klito komunitate oso bat dela". Pottors ta Klito sortu zenetik, 10 urtean, nabarmen aldatu dira gauzak abesten dituzuen hainbat konturen inguruan, ezta?

Ez gaude hain ziur. Guk feminismoan topatu dugu gure egoera eta arazo pertsonalei erantzuteko dimentsio kolektibo eta politikoa; azken 10 urteotan borroka feministak sekulako indarra hartu du, jendartearen zati handi eta anitz bat mobilizatzeko gaitasuna erakutsi du, eta hori sekulakoa da! Baina, era berean, ikusten dugu olatu feministaren aurrean praktika matxista asko oraindik ere legitimatu egiten direla, eta zenbait kolektibo oilartu egin direla. Hor ditugu talde-bortxaketak, jazarpen-kasu ugariak, mundu mailan abortua oraindik ere zigortua izatea… gure abestietan aldarrikatzen duguna, kasu askotan, zoritxarrez, gaurkotasun betean dago oraindik ere. Asko poztuko gintuzke egunen batean behingoz gure hitzak garaiz kanpo geratzeak. Dena dela, guztia ez da negatiboa, eta ikusi dugu aurrerapenen bat, sexu-identitateari dagokionean, kasurako. Gaur egun nabarmen gizarteratu da kontua, eta badirudi sentsibilitate handiagoz lantzen dela gaia, baina ez ditugu ahaztu behar bidean geratu direnak, Ekai ondarrutar gaztea, adibidez, edota oraindik ere binarismoak eta estereotipoek duten indarra… amantal arrosa eta urdin asko ikusten da oraindik ere ikastolan!

Ez bazenukete zuen kontzertuan aritu beharko, egitarauko zein beste talde ikustera joango zinatekete eta zergatik?

Optika taldeko lagunak ikustera joango ginateke (eta espero dugu denbora emango digula ikustera joateko), sekulako zuzeneko indartsua eskaintzen baitute! Aneguria bilbotarra ere oso gustukoa dugu, eta bada denbora ez dugula hareen doinu eta hitzekin dantzarik egin, baina tamalez ordu bertsuan joko dugu eta gure kontzertua emango dugu aukeran, kar kar… Egitaraua zabala eta askotarikoa da, eta itxura bikaina du egitarau-lantaldeak osatutako proposamenak. Beraz, eman diezaiogun denok bultzada bat jai honi, eta, batez ere, gozatu, zatoz eta batu! Ez geratu etxean!

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide