Ainhoa Agirreazaldegi: "Txapelketak lana eginarazten dit, eta badut adierazteko gogo hori"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko irailaren 21a

Gaur kantatuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Ainhoa Agirreazaldegik (Elgeta, 1978), Ordizian. Zazpi urte daramatza txapelketan parte hartu gabe, eta gogotsu heldu dio aurtengo erronkari.

Hasi da txapelketa. Zein gorputzaldirekin zaude?

Bizi nabil. Alde batetik kantatzeko gogoz nago, eta bestetik une arraroa dela igartzen dut. Uda ostean harrapatzen gaitu, nahi baino konstantzia gutxiagorekin, baina badut gogoa txapelketari heldu eta horretan jartzeko.

Jarri al diozu erronkarik zure buruari?

Nik desio dut aurrera egitea, biltzen eta entrenatzen jarraitzeko. Nire kasuan, txapelketan lore batzuk, ale batzuk utzi nahi nituzke. Pasa ezkero, ondo ari naizen seinale izango litzateke, noski, eta ale gehiago uzteko aukera izango nuke. Dena den, lehenengo, lehenengoa ondo egitea izaten da zailena. 

Zarauztik sei bertsolarik kantatuko duzue txapelketan. Ez da kopuru makala.

Horrek esan nahi du lan handia egiten dala herri honetan, eta hau da emaitza. Herri euskalduna da, baina herri euskaldun gehiago ere badaude. Debagoiena osotik, esaterako, hiru bertsolari igaro gara, ni barne. Han ere egiten da lana, baina hemen asmatu egin dela uste dut. Bertso-giro handia nabaritzen da: Bertso Astea, Lizardi sariketa... Motxianek lan handia egiten du hemen. Ni ez nabil azkenaldian asko bertso-eskolan, umeak eta izan nituenetik beste martxa batean nabilelako, baina uste dut dela ondo pasatzearen eta lan handia egitearen emaitza, biak batera.

Zenbatgarren txapelketa da zuretzat aurtengoa?

Hainbeste izan dira, kontua ere galduta daukadala. Zazpi urte daramat txapelketan parte hartu gabe, eta pentsatu nuen berriro izena ematea, nahi nuelako apur bat satsa hori, batez ere entrenatzeko ilusioa eduki eta buruko makinaria martxan jartzeko. Txapelketak lana eginarazten dit, eta aurtengoan banuen adierazteko eta kantatzeko gogo hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide