Iritzia. Maritxu nora zoaz?

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2019ko ira. 19a, 17:03

Dagoeneko aipatzea merezi ez duen kirol-albistea izanik ere, esan nahi nizueke Zarauzko Enbatak play offa jokatu eta goreneko mailara egin duela salto. Aupa zuek! Joan zen igande-arratsaldean arraunlariei harrera beroa egin zien Zarauzko herriak, merezi zutelako. Hemendik aurrerakoak beste buruhauste batzuk izango dira Arraun Elkartekoak: talde handiak, diru freskoa eskuetan, saiatuko dira taldeko arraunlari onenak bereganatzen, dirua beharko da goi-maila horretan itxuroso ibiltzeko… Eta nondik eskuratu diru hori?

Bidezkoa dirudi herritarren txanponez gain diru publikoa ere horrelako herriko talde batean erabiltzea.
Zertan bestela?

Urtero zergak kitatzera joaten naizenean, eta ordaindu beharra egokitzen zaidanean, poztu egiten naiz, pentsatzen baitut zorionekoa naizela beste askok baino gehiago irabazten dudalako, eta pentsatzen dudalako niri hartzen dizkidaten diru horiek ni baino okerrago bizi den norbaiten onerako izango den zerbaitetan erabiltzeko izango direla. Baina diru-poltsa estu lotua gustatzen zaion horietakoa izango naiz, beharbada, eta berehala hasten (eta hazten) zaizkit susmoak. Niri begiratu didaten modu zorrotz berean begiratu ote dituzte nik baino gehiago irabazten dutenen kontuak? Niri bezain zorrotz arakatu ote dituzte hainbat enpresariren edo lanbide liberaletako hainbat pertsonen irabaziak?

Eta txitxareak berotzen hasten zaizkit.

Batzuetan haserretu ere egiten naiz, esaten baitut: ni prest denen onerako nire diru-ekarpena egiteko, baina egin dezatela beste guztiek ere gauza bera, bakoitzak bere ekarpena egin irabazitakoaren arabera. Legea denontzat berdin, denontzat zorrotz.

Haserrea ez zait gutxiagotzen gure diruak non eta nola erabiltzen diren ikusitakoan. Kirolaren mundutik urrutiratu gabe, Zarauzko Enbatak egin zuen balentria egindako asteburu berean, izena estreinatu zuen Anoetako futbol-zelai berrituak: Reale arena. Reale arena deituko diote batxilergoan gimnasia suspenditzen zidaten leku gorrotagarri hari? Izen hori jartzeko, jende asko izango da, itxuraz, nik adina gorrotatzen duena, ala oker nabil eta aseguru-etxeen diruek gure diru xixtrinek baino gehiago balio dute? Gure dirua ere egon baitago hango zementuaren artean hobiratua, guk horretan asko pentsatu gabe, eta horretarako zela inoiz erabaki gabe. Aste horretan bertan iragarri zuten hastekotan zirela Zubietako erraustegian lehenengo aprobak egiten, eta han ere lurperatu dituzte gure diruak, ez dakit zenbat urtetarako zorrak eginez, guk edo gure seme-alabek ordaindu beharko ditugun zorrak, gure arteko pertsona gutxi batzuek halaxe erabaki zutelako, nahiz eta jende mordoa horren aurka egon. Abiadura Handiko Trena hobe ez aipatzea, abiadura handikoa izanik ere geldirik baitago azken aldian, zupa eta zupa gure txanponak. Eta abar.

Esan berri didate gure herrian zabaldu duten kafetegi batean badela komunetan jarritako ohar bat non esaten baita komuneko papera amaitu bada joateko pasteltxoak eta kafeak zerbitzatzen dituzten barrara eta eskatzeko han, baina diskrezioz ibiltzeko inoren belarriak ez mintzeko eta ipurdia garbitzeko papera eskatu ordez esateko Maritxu, nora zoaz? eta barrakoak, jakinaren gainean dagoenez, hornituko duela gabezian dagoena.

Ideia ona iruditu zait hizpide ekarri dudan konturako. Gipuzkoako Aldundian edo Gasteizko bazter batean ipin dezatela kiosko txiki bat herritarren zerbitzurako. Gu joango gara gure diruen erabileren berri jakitera, eta diskretuak izango gara; nahi badute Maritxu, nora zoaz? esango dugu modu finean. Hori bai, jakin nahiko genuke zertarako erabiltzen diren gure diruak, eta nork erantzun behar duen haietaz gaizki erabiliak daudela iruditzen bazaigu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide