Nerea Mujika: "Getariarrek etxeko marka jarri diote, eta ikustekoa izango da bukaera"

euskalkostakrosa.eus 2019ko irailaren 19a

Nerea Mujika korrikalaria (Bittor Mutiozabal).

Kostako errepidean entrenatu du betidanik Nerea Mujikak (Zarautz, 1980). Horregatik, I. Euskal Kosta Krosa maratoi erdia antolatu zutenean, «luxua» iruditu zitzaion errepidea ixtea beraiek korrika egin ahal izateko, eta aurreko bi urteetan bezala, aurten ere irteera puntuan egongo da.

Hirugarrenez egingo duzu Euskal Kosta Krosa maratoi erdia. Gustatu zaizun seinale.
Bai. Nahiz eta ia egunero ikusten dugun toki bat izan, errepidea itxi egiten dute. Entrenatzen ari garenean, Zarauztik Getariaraino badugu paseoa, baina beti jendea dabil, edo bestela zirkulazio handia errepidean. Beraz, Zumaiaraino bidea ixtea, eta dena guretzako izatea, luxua da. Gainera, hemengo jendeak antolatzen du, eta herrikoek eta ingurukoek ez badugu parte hartzen…

Hogeita bat kilometro dira, ordea, ez da lasterketa motza.
Lasterketa luzea da, bai, eta prestatu egin behar da, baina pena merezi du, dudarik gabe: lekua, giroa… Getariarrek antolatu dute, gainera, aurten, eta ibilbidea aldatu egin da pixka bat: etxeko marka jarri diote getariarrek, eta bukaera hori, Kale Nagusiko aldapan gora, ikustekoa izango da. 17 kilometro inguru egin eta gero, ez du ematen, baina Zarauztik Getariaruntz pixka bat goraka da bidea, eta amaieran jarri duten txanpa hori… Horrez gain, getariarrak artistak dira probak antolatzen, eta nik uste dut ondo antolatuko dutela.

Nola ibili zara aurreko bi lasterketetan? Iaz Zarauzko aurreneko emakumea izan zinen...
Aurrenekoa proba modura egin nuen, ahizparekin, pixka bat lasaiago. Bigarrenean hobeto ibili nintzen, eta bai, sari hori eman zidaten. Ilusioa egiten du podiumera igotzeak, polita da, baina askotan helburua ez da hori izaten, baizik eta karreraz gozatzea eta norberaren denborak hobetzea. Aurten inguruaz gozatu nahi dut, eta zirkulaziorik gabe korrika egin, aukera hori aprobetxatu.


Esan duzu zeuen marka pertsonalari begiratzen diozuela, baina aurten zaila izango da konparaketak egitea, ala?
Nik uste dut edukiko duela zailtasun puntu bat eta ez dela izango markak hausteko ibilbidea. Korrika gabiltzanok ikusten dugu Getariatik Zarautzera aldapak behera bezala egiten duela, eta aurten alderantziz izango da. Gainera, Kale Nagusiko helmuga horretan aldapa dago. Baina, era berean, uste dut getariarren animoekin emozionatu egingo garela eta gora egingo dugula.


Probaren ibilbideko puntu bat aukeratu behar bazenu...?
Ni asko betetzen nau itsaso zabal horrek. Ibilbide osoan zehar itsasoaren ondoan zoaz, eta ni kostakoa naizelako edo ez dakit zergatik, asko betetzen nau. Horrek ematen dizkizu halako arnas bat eta sentsazio onak.

Erlazionatuak

Badator hirugarrena

Onintza Lete Arrieta 2019 ira 19 Kirola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide