Eguerdirako orga parte hartzaileak ikusgai zeuden Lege Zaharren enparantzan, jai giro betean. Joxe Mari Zuazobide apartexeago zegoen, udaletxeko ate ondoan, euskal kirolak irudikatzen zituen orga batekin. Beharbada, zetorkion omenaldiagatik urduri antzera.
Hain justu ere, merezitako aitortzarekin ekin diote ekitaldiari: aurrena, txistularien laguntzaz, agurra dantzatu diote enparantzaren erdian eta, ondoren, Xabier Txurruka alkateak, esker hitzekin batera, Musika Plazako kioskoaren oroigarri bat oparitu dio.
Berehala, III. Orga Lehiaketako sari banaketarekin hasi dira, eta omenaldiarekin jarraitzeko, Zuazobideren lanari aipamen berezia eskaini diote. Aurten, bederatzi orga aurkeztu dira, eta, urtero bezala, guztientzat izan da saria. Baina lehen hiru sailkatuak ondorengoak izan dira: Jokin Juaristiren Zarauzko talogileak izenekoa garaile, Ander Silvanen Taberna Zaharra bigarren eta Thelia Illarramendiren Baratza hirugarren.