Bideoa: Euskal Herriko eskubaloi topaketa

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 2a, 16:00

Kilometroak jaiari bultzadatxoa emateko, Euskal Herriko eskubaloi topaketa izan zen larunbatean Aritzbatalde kiroldegian. Haurren mailetatik seniorretaraino, hainbat partida jokatu zituzten. Mamorruak ere kantxan bueltaka ibili ziren.

Kilometroen eguna urriaren 6a izango bada ere, urte osoan zehar hamaika ekitaldi antolatu dituzte egun handiaren aitzakian. Baita abuztuan ere. Hain zuzen, pasa den larunbatean Euskal Herriko eskubaloi topaketa ospatu zuten Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian.

09:00etatik aurrera, maila desberdinetako taldeek jokatu zituzten partidak. Infantil neska-mutilek hasi zuten goizeko saioa. Zarauzko bi talde, Orioko bat eta Usurbilgo bat aritu ziren jokatzen infantil mailan. Ondoren, Malkaitz-Burlata eta Zarauzko kadeteen arteko lehia izan zen, eta huraxe izan zen eguneko lehiatuena. Gol bakarreko aldearekin, etxekoak nagusitu ziren azkenean (23-22). Goizeko saioarekin amaitzeko, etxeko jubenilek Urdulizekoen aurka neurtu zituzten indarrak.
  
Bazkalosteko saioari partida berezi batek eman zion hasiera: Barakaldoko eskubaloi inklusiboan aritzen diren jokalariek Zarauzko kadeteen aurka jokatu zuten, talde mistoetan. Antolatzaileen arabera, bereziki polita izan zen partida honetan sortu zen giroa.

17:00etatik aurrera seniorren txanda izan zen. Etxeko Aiala taldeak Irisartarrak HAren aurka jokatu zuen, eta amaitzeko, ASOBAL ligako bi talde euskaldunak ikusteko aukera izan zen aurrez aurre: Anaitasuna eta Bidasoa. Irungo taldeak irabazi zuen norgehiagoka alde handiarekin: 34-25.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide